Mugikortasun Astea izango da datorrena. Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu hilaren 21 eta 22rako, «gure herrian kontzientziazio giroa sortzea helburu».
Udalak jakinarazi du batetik, «garraio aukera alternatiboak daudela gogorarazi» nahi du, eta era berean, «ariketa fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatu».
Gimnasia, paseoa, ginkana eta txokolata
Aurreneko zita irailaren 21ean, ostegunean jarri dute, 11:00etan, Joseba Barandiaran plazan: helduentzako gimnasia izango da.
Bigarren zita ostiralarekin, irailaren 22an izango da: 11:00etan, Joseba Barandiaran plazatik abiatu eta paseo bat emango da, udaletxean bukatzeko.
Era berean, ostiral arratsaldean, Herri Eskolako ikasleek aukera izango dute ginkana egin eta txokolatada eder bat probatzeko, 16:30etan eskolako patioan.
30 eremuan, sentsibilizazioa
Bestalde, udalak jakinarazi du «30 eremuaren inguruko sentsibilizazio kanpaina» jarriko duela martxan, «trafikoaren abiadura murrizteko». Batetik, «kutsadura eta zarata gutxitu» nahi ditu Udalak, eta bestetik, «astigartarren irisgarritasuna, segurtasuna eta bizi kalitatea hobetu».