Gauza jakina da, Landareko zaleek taldeari ematen dioten indarra, denboraldi osoan zehar. Eta denboraldi honetan, bereziki garrantzitsuak izango dira ligaren hasieran: aurreneko bost partiduetatik lau, etxean jokatuko ditu Hernanik. Eta estreinakoa, gaur bertan izango du, Cisnerosen kontra, arratsaldeko 17:00etan. Landaren jokatuko da azkenean, talde madrildarrak aldaketa eskatu ondoren, bere zelaia obretan dagoela eta.
Liga hasierara maila onean iristea, klabea
Beraz, urtero izaten bada garrantzitsua liga hasierara maila onean iristea, aurten klabea izango da. Etxeko lau partidu horiek aprobetxatu beharra dauka Hernanik, puntu batzuk pilatu eta lasaitasunez eta konfiantzarekin heltzeko sasoiari. Hasiera batean, mailari eusteko borrokak markatuko baitu hernaniarren denboraldia.
Edozein kasutan, etxean jokatuta ere, badakite lan zaila izango dutela trikoloreek.
Aldaketa gutxi, taldean
Zein joku egin nahi duten behintzat, garbi daukate taldean, eta ondo ezagutzen dute elkar. Izan ere, aldaketa gutxi izan dira taldean, denboraldi berrirako. Jokin Esnalek eta Tony Jonesek utzi dute taldea.
Eta taldera iritsi direnen artean, Gorka Imaz da nabarmentzekoa. Hendaian ari zen orain aurreneko lerroko irundarra, eta aurretik, Getxon eta Independienten aritua da, baina baita Inglaterrako Rotherham Titans taldean ere.