Juleneren Festa gaur hasiko da Astigarragan. 17 urte dauzka Julene Beldarrain Murillo astigartarrak, eta duela 11 diagnostikatu zioten gaixotasun arraroa deritzona. Bere kasutik abiatuta, gaixotasun hauek ikusaraztea helburu zuen proiektua garatu zuten Amaiur Altamira eta Leire Zubiarrain herritarrek, eta gaurtik borobilduko dute lan hura, JuleneFESTarekin.
Eta Jueleneri laguntzeko egongo da Xabier Salillas hernaniarra ere, bere erronka berriarekin: 24 orduz ibiliko da zinta gainean, gelditu gabe; 19:00etan hasi, eta biharko ordu berean bukatuko du.
Baina zailtasun puntu bat gehiago jarriko dio erronkari: oinutsik egingo ditu 24 orduak. «Oso gogorra izango da, zintak asko erretzen ditu oinak. Baina urte osoa daramakit proba prestatzen, eta uste dut gai izango naizela». Gainera, euria espero da eta horrek erronka arindu diezaioke pixka bat.
Sentsibilizaziorako, bi egun
Hainbat helburu izango ditu, gaur arratsaldean hasi eta larunbat gauera arte luzatuko den festak. Sentsibilizazioa, alde batetik; eta bestetik, laguntza ekonomikoa lortzea, Julenek hurrengo tratamendua egin dezan. Festa antolatzeko hainbat bilera egin ondoren, egitarau mardula prestatu dute.
Gaur, musika eta kirola nagusi
Musika eta kirola izango dira nagusi, gaurko jardunaldian. Futbol txapelketarekin hasiko da festa, 17:00etan, eta ondoren ekingo dio Xabier Salillasek, bere erronkari. Segidan hasiko da zumba saioa ere, eta bukatzeko, kontzertuak izango dira bertan.
Bihar jarraituko du jaiak, goizean goizetik hasita. Eguerdian herri bazkaria izango da, baina aurretik, Hernaniko errugbi taldeko neskak eta Emarriko neskak harri tiran ariko dira.
Kontzertuak ere egongo dira, Autumn bakarlaria, errifen zozketa... Festa iluntzeko 21:30etan amaituko da, DJ Landerren eta Juleneren beraren ikuskizunarekin.
JULENEFEST
GAUR, ASTIGARRAGAN
17:00, Astigarragako Herri Eskolan kale futbola.
Ondoren, txokolatada.
18:00, Foru Plazan, herritarren musika emanaldia.
19:00, Xabier Salillasen erronkaren hasiera. Gainera, bizikletak egongo dira edonork erabili ahal izateko.
19:15, Zumba saioa.
20:15, Sardina eta patata tortilla jatea.
Kontzertuak: Beneath the surface (Hernani) eta Kea (Oiartzun).