Hiesari irabazitako bizitzak dokumentala proiektatuko du gaur Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Santa Barbara elkartean, Hernaniko Udalak eta Kooperazio Taldeak lagunduta. Proiekzioaren ondoren, mahai-ingurua eta Indiako jakiekin osatutako afaria dastatzeko aukera izango dira.
Pobretutako herrialdeetan proiektuak garatzeko dirula-guntza ematen du Udalak, Lankidetza arloan; eta hain zuzen, horren emaitza da dokumental hau. HIESa duten gaixoekin, eta bereziki, emakumeekin egiten duten lana ikusi ahal izango da bertan.
Calcuta Ondoan elkarteak, 10 bat urte daramazki Indian, Indoren lanean, HIESa dutenei tratamendua eman, eta gizartean dauzkaten hainbat taburi aurre egiten. «Bertako elkarteekin egiten dugu lan: gaixoekin, haien familiekin, gizarte langileekin, abokatuekin... Izan ere, askotan hitz egiten da giza eskubideez, baina HIESa dutenak bazterrean geratzen dira. Are gehiago emakumeak; normalean haien senarrek kutsatzen dituzte, eta onartu beste erremediorik ez dute, familiak berak baztertzen ez baditu». Hala ere, dokumentala «mimoz eta baikortasunez» egina dagoela diote.
Dokumentalaren ondoren, mahai-ingurua izango da. Irantzu Jauregi Hernaniko Berdintasun teknikariak, eta Asier Lekuona ACASGIko (HIESaren aurkako Gipuzkoako Elkartea) gizarte langileak hitz egingo dute. Eta ekitaldia borobiltzeko, afari indiarra antolatu dute, iluntzeko 21:00ak aldera: aloo tikki (patata kroketak), pakora begetalak, tandoori oilaskoa...