Indiar kutsuko jardunaldi berezia antolatuko da bihar, Hernanin. 19:30etan hasita Santa Barbara elkartean, HIESari irabazitako bizitzak dokumentala jarriko dute aurrena, eta indiar afaria eskainiko dute gero, 21:00etan. Calcuta Ondoan GKEak antolatu du, Hernaniko Kooperazio Taldearen eta Udalaren laguntzarekin. Izan ere, Udalaren dirulaguntza batekin garatu du proiektua GKEak, Indian HIESa duten pertsonekin lanean. Horregatik, gaiaren bueltan, sentsibilizazio ekimen bat ere antolatu dute Hernanin.
India munduan herrialde kaltetuenetakoa, HIESarekin
Fernando Verak zuzendu du dokumentala, eta Indiako HIESaren gaixoen testigantzak jasotzen ditu. India da, hain justu, munduan hiru herrialde kaltetuenetako bat: 2,1 milioi indiarrek zeukaten HIESa, 2013 urtean; mundu osoan 36,9 milioi ziren, 2014an.
Proiekzioaren ondoren, mahai ingurua egingo dute bertan, Irantzu Jauregi Hernaniko berdintasun teknikariarekin, eta Asier Lekuona Gipuzkoako HIESaren Aurkako Erakundeko gizarte hezitzailearekin.