PATCHWORK erakusketa amaierara iristen ari da Biterin. Erakusketa irailaren 4tik egon da martxan eta gaur eta bihar dituzte azken bi egunak. 18:00etatik-20:00etara daude ikusgai oraindik lanak.
Bertan, eskuz jositako lanak daude ikusgai: Mantak, poltsak, karterak, kostureroak, umeentzako manta txikiak, eskuzatarrak, loreak, kojinentzako fundak, apaintzeko gauzak... denetik. Tela zatiei forma desberdinak emanez eta elkarrekin josiz osatu dituzte lan guztiak. Pazientzia eta lan haundia eskatzen duten lanak.
Erakusketaren helburua patchwork teknika ezagutaraztea eta jendea animatzea da. «Patchworka oso polita eta sortzailea da. Pixkanaka-pixkanaka, zer sortzen zoazen ikusten duzu eta bakoitzak bere eran egiten du; bakoitzak bere estiloa dauka».
Bi urtetik behin eta amaieran manta eder bat zozketatzen da
Bi urtetik behin antolatzen da erakusketa eta herri desberdinetako emakumeak aritzen dira beraien lanak egiten. Askotan bere kabuz etxean, baina beste batzuetan elkarrekin aritzen dira.
Azken zortzi egunetan jendea hurbildu da erakusketara eta oraindik aukera dago. Interes haundiarekin erakusten dute eta gainera errifa erosiz gero manta eder baten zozketan sartzen da. Bihar, 19:00etan ekingo zaio zozketari.