Gogotsu eta hainbat aldaketekin hasi zuten aurredenboraldia Mundarro Kirol Elkarteko futboleko aurreneko bi taldeek, Erregional Preferenteek eta Lehenengo Mailako Erregionalek, hain zuzen.
Iaz bezala, talde bakar bezala entrenatzen jarraituko dute, baina entrenatzaileen taldean aldaketak egon dira; urte luzez aurreneko taldeko entrenatzaile izan den Egoitz Sayarrek gidaritza utzi, eta Beñat Iñurritegi fitxatu du Mundarrok: «aurretik ere ni klubean egon naiz, beraz, uste dut etxeko norbait bilatzean, klubak berak jarraipena bilatzen duelako izan dela», azaldu dio entrenatzaile berriak berak Kronikari.
Buruan bai; entrenatzaileen gorpuan, ordea, ez da aldaketarik izango. Bertan izango dira, aurten ere, Adur Basurko eta Angel Barjacona bigarren entrenatzaile eta atezainen entrenatzaile gisa, hurrenez hurren.
Gutxiago sufritzea, helburu
Helburu argi batekin hasi du aurredenboraldia Beñat Iñurritegik: «saiatu behar gara iaz baino gutxiago sufritzen, iaz azkeneko partiduan salbatu ginen eta!». Erregional Preferenteen mailan hamargarren bukatu zuen Liga Mundarrok, azkeneko postuetatik gertu, eta kontrarioen arteko lehia biziarekin.
Eta horretarako, entrenamenduetan jarri du begia entrenatzaile berriak: «batetik, gogor entrenatu behar dugu, ahalik eta sendoen ibiltzeko, eta bestetik, entrenamenduak ahalik eta dinamikoenak egiten ari gara, bertan gozatu eta partiduetan lan horren emaitza islatu dadin».
«Entrenamenduak ahalik eta dinamikoenak egiten ari gara, bertan gozatu eta partiduetan lan horren emaitza islatu dadin»
Aldaketa txikiak, taldean
Egoitz Sayar entrenatzaileaz aparte, badira beste jokalari batzuk iaz taldea uztea erabaki zutenak: «dena den, joan direnekin eta jubeniletik igo direnekin taldea orekatuta geratzea lortu dugu», onartu du entrenatzaileen buruak aurredenboraldian.
Beraz, aldaketa haundirik gabe, eta gogotsu hasiko dute denboraldia Astigarragako Mundarroko mutilen aurreneko bi taldeek.
Datorren hastean, berriro ere, lehiara
Eta hala hasiko dute aurtengo Liga Astigarragako Erregional Preferenteek eta baita Lehenengo mailako Erregionalek datorren astean, hilaren 16 eta 17ko asteburuan: «oso gogotsu ari dira entrenatzen, lanerako prest etorri dira jokalariak, oso konprometituta. Beraz, horri jarraipena emanez gero, denboraldia ondo joango dela uste dut», dio itxaropentsu Iñurritegik.
Berria den aldetik, jokatzen duten kategoria ezagutzen joango dela dio, pixkanaka, jokalarien laguntzarekin, betiere: «azken finean, jokalari eta entrenatzaileen artean elkarlana da nagusi; batak bestearengandik ikasten dugu, guk informazioa ematen diegu, eta beraiek guri».
«[Aurreko urtetik] joan direnekin eta jubeniletik igo direnekin taldea orekatuta geratzea lortu dugu»
Derbia, aurreneko partiduan
Lehenengo mailako Erregionalen egutegia oraindik argitaratu ez badute ere, badakigu zein izango de Erregional Preferenteen aurreneko aurkaria: Hernani. Derbi ederra, beraz, Ligari hasiera emango diona, etxetik kanpo, Zubipen.
MUNDARRO FUTBOL TALDEA
Erregional Preferentea eta Lehenengo Erregionala
- Entrenatzaileak: Adur Basurko, Ander Zabala eta Beñat Iñurritegi.
- Atezainen entrenatzailea: Angel Barjacona.
- Prestatzaile fisikoa: Jose Mari Zabala.
- Fisioterapeuta: Aitor Danbolenea.
- Atezainak: Telmo Etxeberria, Iñigo Garin, Aitor Monedero, Miguel Mugica.
- Atzelariak: Asier Garciarena, Asier Zabala, Haritz Pariente, Jon Jauregi, Asier Nogales, Manu Aguirre, Beñat Teruggi, Gorka Castaño, Miguel Gonzalez, Koldo Cerrillo, Hisham Khetaf, Ibai Goizueta, Jon Arzallus, Iker Iriarte, Aitor Anguera, Ander Martin, Julen Felipe eta Joxe Mari Garin.
- Erdilariak: Unai Labandibar, Joseba Arana, Mikel Gartziarena, Ivan Gomes, Iñigo Aicua, Andres Iraundegui, Andoni Martinez, Xabi Pedron, Unai Estevez eta Aitor Rubio.
- Aurrelariak: Iker Andres, Jon Gaztelumendi, Simon Amenabar, Asier Gutierrez, Txomin Mitxelena, Igor Labaca, Beñat Mendiburu, Ander Mateos, Aitor Odriozola, Jon Garziandia, Ander Mendiburu eta Alex Ibañez.