Ez dauka ezer galtzeko Hernaniko Maialen traineruak, gaur goizean, Donostiako Banderaren bigarren estropadan. Ez zuten egunik onena izan aurreko igandean, eta zortzigarren izan ziren; baina arantza atera, estropada haundia egin, eta postu hori hobetzeko gogoz joango dira gaur.
2,5 metroko olatuak, estropadaren orduan
Aurreneko txandan ariko dira hernaniarrak, 11:00etan hasita, Donostiarra, Deusto eta Mecosekin batera. Urruti xamar daude galiziarrak, 16 segundura; 12 segundura dago Deusto, eta gertuago Donostiarra, 8 segundura. Ezer ez dago erabakita, eta edozer gerta liteke oraindik... Eta are gehiago espero den giroa eta itsasoa ikusita! Izan ere, olatu haundiak espero dira gaur goizean; 2,5 metro ingurukoak, estropadaren orduan.
Aurreneko txandan ez, bigarrenean, ohorezkoan, ariko da Amaia Zuaznabar hernaniarra, Oriorekin. Ez dauzkate urruti Hibaika eta San Juan, baina zaila izango dute banderaren borrokan sartzea.
Eta gizonezkoen artean ere izango da hernaniarrik. Aurreneko txandan lehiatuko dira Arkaitz Goñi, San Juanekin, eta Aitor Iraola eta Ivan Lopez, donostiarrarekin.