Faborito nagusia zen, bosgarren txapela irabazteko aukera zeukan, eta pronostiko guztiak bete zituen Javier Urrizak atzo, Buruz Buruko Txapelketaren finalean. 30-19 nagusitu zitzaion Xanti Utergari, asko gogortu zen partidu batean.
Oso berdindua izan zen lehia, ia partidu osoan. Urriza ez zen eroso ibili kantxan, zail jarri zizkion gauzak Utergak, eta sakeari esker mantendu zen txapelduna partiduan. Baina 20-18 jarri zirenetik, nekeak berea egin zuen Utergarengan, eta Urrizak hobeto eutsi zion: 10-1 partziala lortu, eta zuzenean joan zen 30garren tantora, txapela lortzeko.
Txapeldunak onartu zuen, peloteoan «kosta» egin zitzaiola, eta sakean asmatu izanari esker irabazi zuela. Bukaeran aritu zen gustorago, eta adierazi zuen, «sinestezina» dela bosgarren txapela irabaztea.
Utergak, aldiz, azaldu zuen «arriskatzera» atera zela, eta posible ikusten zuela irabaztea; «baina ez dut ondo sakatu, eta bere kontra ezin da barkatu».