Iñaki Etxeberria Aranaz goizuetarrak Goizuetako baserrien mapa egin du era oso berezi batean. Hiri handi bateko metroaren planoa ardatz hartuta herriko baserrien izena eta kokapena zehaztu ditu. Hala ere idea ez da berea izan. «Orain bi urte Leitzan antzeko planoa egin zuten eta bigarrren bat ere egin zuten Areson. Eta guk zergatik ez egin Goizuetan? galdetu nuen eta horrelaxe hasi nintzen».
Horrela hasi zen Iñaki lanean poliki poliki berak dioen bezala. «Ordu batzuk sartu ditut. Mapa hartu eta baserrien izenak biltzen hasi nintzen galdetuz eta nik nekienarekin. Eskema bat egin kokapenarekin arkatzez eta gero ordenagailura pasa nituen».
Honelako lan bat egiteko laguntza behar izaten da eta hor bere aita aipatzen du Iñakik. «Aitak nik baino baserri gehiago ezagutzen ditu eta izenak ere bai. Goizuetako baserri gutziak bildu ditugu eta baita bordak ere. Hori bai bertan jendea baldin bada. Erdi eroriak baldin badaude ez ditut bildu».
Jendearen laguntza ere izan du zuzenketak egiteko garaian eta planoa baliagarria izan daiteke baserrien kokapena ezagutzeko. «Goizuetako auzoen eta baserrien eskema bat da, erabilgarria ezagutzen ez dituenentzako eta baita ere medikuak joan behar baldin badu esaterako». Hori horrela izanik Goizuetako Udalak ere interesa izan du planoan eta eskatu zioten Iñakiri planoa osatzeko izen ofizialekin. «Elkarrekin osatzeko eta esan didate inprimatu egingo dutela eta herrian paratuko dutela. Hala ere jende askok bere kabuz inprimatu du eta etxean badu baserrien metro planoa».