Ikasturte berria abiarazteko, bat

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 9a, 02:00

Urtero elkartzen dira, eta aurten Urnietari tokatu zaio; izan ere, AEK-k euskaltegia ireki du bertan.
Baietz 1.000 aurten! lelopean, itxaropentsu agertu di­ra Astigarraga, Hernani, An­doain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako euskara zinegotzi nahiz teknikariak eta herri horietako euskaltegietako ordezkariak. Euskara ikastea apustu se­gurua eta merezi duen ahalegina dela adierazi dute parte-hartzaileek, eta «euskera ikasiz, dena irabazteko eta ezer ez galtzeko».

Bi nobedade, aurtengo ikasturterako
Buruntzaldeko sei herrietan zortzi euskategi izango dira aurten; Astigarraga, An­do­ain, Urnieta eta Usurbilen AEKren euskategi bana, eta Hernani eta Lasarte-Orian bina euskategi: udal euskaltegiak eta AEKrenak. AEkren euskategi guztiak HABEk ho­mologatutakoak dira, noski.
Aurten, beraz, bi nobedade izango ditugu: Urnietan bata, eta Andoainen bestea. Lehenengoari dagokionez, AEK-k zentro berria izango du Urnietan, Errekalde kaleko 1. zenbakian. Bigarrenari dagokionez, aldiz, Ando­ainen tokiz aldatuko da euskaltegia; Plazaola kaleko 2. zenbakian izango du egoitza berria, orain arte Gurutze Gorriak erabiltzen zuen lokalean, hain zuzen. Datozen hamabost urteetarako utzi dio lokala Andoaingo Udalak AEKri.

‘Baietz 1.000 aurten!’
Pasa den 2016-2017ko ikasturtean 946 ikasle aritu ziren Buruntzaldeko euskaltegietan. Kopuru hori pixka bat haunditze aldera, beraz, zor­tzi euskaltegien artean Ba­ietz 1.000 aurten! leloa errealitate bihurtzeko ilusioa azal­du dute euskara zinegotzi nahiz teknikariek eta euskaltegietako ordezkariek. Eta aurten ere, herritarrei dei egin diete euskera ikasteko pausoa ematera anima daitezen eta horretarako euskaltegira hurbil daitezen.

Inoiz baino eskaintza haundiagoa
Oso zabala eta askotarikoa da 2017-2018 ikasturte honetarako euskaltegiek egin duten eskaintza: maila guztietako ikastaldiak, auto­ikaskuntza, ordutegi aukera zabala, eta abar. Gainera, batez beste matrikula kostuen % 75-100 arteko dirulaguntzak emango dituzte HABEk eta udalek.
Euskaltegi guztietan da­goeneko irekita dago matrikula egiteko epea, eta goizez nahiz arratsaldez egin daiteke, zentro bakoitzaren bulegoetan. Informazio gehiago eskuratzeko, www.burun­tzaldea.eus webgunera eta udal eta euskaltegien webguneetara jo dezakete herritarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!