Ekin diote dagoeneko Urumea bailarako 3.500 ikasle inguruk ikasturte berriari

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 9a, 02:00

konturatzerako bukatu dira oporrak, eta iritsi da ikasturte berriari heltzeko garaia. Urumea bailarako ikasle gehientsuenek osteguna izan zuten aurreneko klase eguna, gutxi batzuk asteazkenean eta ostiralean hasi ziren arren.
Guztira, ia 3.500 ikaslek osatuko dute 2017-2018ko ikasturte berria. Hernanin, esate baterako, 2.770 bat ume, gazte eta heldu bilduko dira: horietatik 427 ume Elizatxo Ikastolako Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan; Langile Ikastolan, berriz, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, guztira, beste 710 ume; Inmakulada Ikastetxeko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzak bat eginda, denera 250 ume eta gazte jasoko ditu aurten zentro horrek; eta 425 ume, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, Urumea Ikastolak. Ereñotzuko Txirri­tak, bere aldetik, 73 ume bilduko ditu aurtengo ikasturtean, Haur eta Lehen Hezkuntzak kontuan hartuta.
Astigarragako Herri Esko­lak, berriz, 572 haur eta gazte bilduko ditu aurtengo Haur eta Lehen Hezkuntzan. Eta Goizu­etako Xalto Eskolan 71 goizuetar eta aranoar izango dira, Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzara arte.

Haur eta gazteak, gehienak ostegunean
Urumea bailarako ikasle gehientsuenek osteguna izan zuten aurreneko klase eguna. Egun horretan ekin zioten ikasturte berriari Hernaniko Elizatxo, Inmakulada eta Uru­mea ikastetxeek, Ereñotzuko Txirritak eta Astigarragako Herri Eskolak. Azken honetan ez bezala, ikasle horietatik guztietatik ia gehienek ordutegi trinkoa mantenduko dute iraila osoan zehar; Astiga­rragako Herri Eskolan goiz eta arratsaldeko ordutegia hasiko dute astelehenetik aurrera.
Goizuetako Xalto Eskolan, aldiz, ikasturte berria estreinatzen lehenak izan ziren, asteazkenean hasi baitzituzten eskolak bertako goizuetar eta aranoarrek. Horiek ere, ordutegi trinkoa izango dute iraila osoan zehar, eta urritik aurrera ekingo diote goiz eta arratsaldeko ordutegiari.
Eta Hernaniko Langile ikastolan ere goizeko ordutegia izan­go dute irailerako. Atzotik martxan, Langileko ikasleak izan dira, hain zu­zen, eskolak beranduen hasi dituztenak.


Gazte eta helduak ere,
bueltan

Haur eta umeei bezalaxe, gazte eta helduei ere iritsi zaie mar­txan jar­tzeko ordua. Herna­niko Institu­tuan, alde batetik, hasiak dira dagoeneko ikasturte berri honetako 824 ikasleak. Gizarte Berrikuntza Lanbide Heziketrako zikloan, bestetik, 137 izango dira aurten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!