Lehengo urtean hasiak ziren laguntzen, eta aurten, beste pixka bat gehiago egin dute. Zikuñaga auzoko gazteek argi daukate: «Jaiak nahi baditugu, lagundu beharra daukagu!».
Arkaitz eta Patty izan dira orain arte Jai Batzordeko bultzatzaile sutsuenetako batzuk, baina azken urteetan, erreleboan pentsatzen hasiak ziren. Ez dago kezkarik, Zikuñagako gazteak dagoeneko buru-belarri hasi baitira, lanean! «Hori esaten dute», azaldu dute gazteek, «erreleboa gu garela. Orain arte pixka bat lagundu dugu, baina datorren urtetik aurrera... Lan gehiago egin beharko dugu!».
Festen aurretik ere,
makina bat lan
Festa giroan asteazkenean murgildu ziren auzoan, baina ordurako, makina bat lan aurreratuak zituzten gazteek: «Frontoia margotu dugu, eta futbol zelaiko zikinkeria guztia garbitu! Horrez gain, kartelak jartzen ibili gara herri osoan zehar, eta batzuk kendu egin dizkigute!».
Eta behin festak hasita, berdin segi dute; pala eta esku pelota txapelketetan epaile, koordinatzaile, apuntadore edo argazkilari lanetan; Zikuñaga Music Factory ikuskizun paregabea emateko entsaio eta probatan, eta ondoren, eszenatoki gainean jotzen... Ez dute etenik!
Hala ere, horrek guztiak ez die ondo pasatzeko aukerarik kentzen. «Dena dugu gustokoa! Ekintza guztiak ondo egiten badira, beti dira gustukoak. Ondo pasatzea dugu helburu, eta jendeak disfrutatzea. Azkenean, guk festak nahi baditugu, lana egin beharko dugu, baina ondo pasako dugu».
«Zailena da denok elkartzea lortzea, baina behin hori lortuta, denen artean lehenago eta errazago egiten dira lanak»
Denen arteko koadrila, familiaren parekoa
Zailtasunen bat edo beste ere izan dutela aitortzen dute, hala ere. «Zailena da denok elkartzea, baina behin hori lortuta, denen artean lehenago eta erragazko egiten dira lanak».
Auzoko koadrila osatu dute denen artean, eta horixe da Zikuñagako gazteentzat bereziena: «Gehien gustatzen zaiguna da denen artean lan egitea; familia bat bezala gara!». Eta benetan ari dira, familia baten tankeran moldatzen direla aitortzean. Izan ere, taldean adin guztietako auzotarrak nahastu dira; hasi 7 bat urte dituenetik, eta 16-17 urte ditueneraino, eta tira-biraren bat ere sortzen da batzuetan. «Denon artean harreman ona dago, nahiz eta batzuetan...».
Proposatu eta egin
Hainbat berrikuntza proposatu dituzte gazteek, Zikuñagako festetan egiteko; eta proposatu, eta egin.
Lehengo urtean, adibidez, aurreneko aldiz egin zuten Zikuñaga Music Factory, eta atzokoan errepikatu egin zuten: «Denon artean kontzertu bat prestatzea erabaki genuen. Batek gitarra, besteak, alboka, besteak trikitixa edo bateria... Huntza taldea bezala!», diote algaraka. «Lehengo urtean abesti bakarra prestatu genuen, eta aurten, hiru. Beste hiru prestatuz gero, datorren urtean kontzertu ikaragarria emango dugu!». Guztia prestatzeko, astean behin baino gehiagotan elkartu behar izan dutela aitortzen dute, eta nork bere kabuz ere, etxean, kantuak entsaiatu behar izan dituela. Baina daukaten arrakasta ikusita, nekerik ez!
«Gehien gustatzen zaiguna da denen artean lan egitea; familia bat bezala gara!»
Oraindik nola aterako den ez dakitena da, gaur arratsalderako prestatu duten Altxorraren bila jolasa. «Aurten proposatu, eta egitea erabaki dugu!». Sorpresarik ez da faltako beraz, eta denek izango dute aukera, jolas berri honetan parte hartu eta ondo pasatzeko.
Izaera bereziko auzoa,
ate zabalik
Egitaraua osatzeko, beste hainbat ekitaldi ere badaude, eta horien artean gehien zein gustatzen esaten ez dute asmatzen; familia batean bezala, nork bere iriztiari eusten baitio! Batzuk futbito partiduaren zain izaten dira. Beste batzuk DJarekin dantzan gozatzen dute gehien. Apar festak ere gazte asko erakartzen ditu. «Apar festaren ondoren, erriora joaten gara, garbitzera!», aitortzen dute, festa nola luzatu.
Gustu guztietarako ekintzak daudela ezin ukatu. Horregatik, mundu guztia gonbidatzen dute Zikuñagara gerturatu eta festekin eta auzotarrekin gozatzera. Argi eta garbi daukate, zein den auzoko sekretua. «Zikuñaga ez da ematen duen bezalakoa. Berezia da». yy