Irabazteko guztia, galtzekorik ez

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 9a, 02:00

Buruntzaldeko udalen helburua da bertako euskaltegiak datorren ikasturtean gutxienez 1.000 ikasle izatera iristea. Euskaltegirako pausoa ematera edo ematen segitzera animatu nahi dituzte herritarrak. Ma­tri­kulazio epea zabalik dute hilabete hasieratik Andoain, Asti­garraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo euskaltegiek. Mugi eta izena eman, irailean edo beranduenez urria ha­sieran abiatuko baita 2017-18 ika­sturtea. Eus­kara maila guztietan ikasi eta praktikan jartzeko aukera eskaintzen digute, lehen mailako tituluak euskaltegietan bertan eskuratzekoa, euskaraz jarduera ezberdinetan parte hartzekoa baita. Merke gainera, ia doan, eskualdeko udalek herritarren eskura jarritako % 75-% 100 arteko dirulaguntzei esker, eta HABEk ikasmaila gainditzen dutenei eman­go dien bekari esker. Informazioa eskura liteke www.buruntzaldea.eus webgunean.

Bi udal euskaltegi 
Bi udal euskaltegi ditugu es­kualdean; Lasarte-Orian eta Hernanin. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan guztira 38 udal euskaltegiko sarea dugu, 1981. urteaz geroztik 16 urtetik gorako herritarrak euskalduntze eta alfabetatzeko lanetan. Une­an uneko eskari eta beharrei erantzunez, euskara irakasteko material eta baliabide egokiekin jardunean. Azken urteetan on-line irakaskuntza ere garatu dute.

Egoitza berria Andoainen
AEK-k berriz bost egoitza zitu­en orain arte; euskaltegi bana Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilen. Aipatzekoa, Ando­ainek egoitza berria estreinatu duela. Aurrerantzean, Plazaola 2 helbidean aurkituko duzue AEK. 15 urterako lagapena egin dio Andoaingo Udalak AEK-ri.

2017-2018 IKASTURTEA
“Euskara maila guztietan ikasi eta praktikan jartzeko aukera eskaintzen digute, lehen mailako tituluak euskaltegietan bertan eskuratzekoa, euskaraz jarduera ezberdinetan parte hartzekoa baita. Merke gainera, ia doan”

 

Euskaltegi berri bat Urnietan
Urnieta zen bestalde, egun euskara ikasteko gunerik ez zuen udalerri bakarra Burun­tzal­dean. Orain arte. Jada azken ukituak ematen ari zaizkie aurrerantzean AEK-k Errekalde kalean jada zabalik duten egoi­tzari. “Aspal­diko eskaera zen. Hutsune bat bazen Urnietan. Euskal­dundu nahi zuenak inguruko herrietako batera mugitu behar izaten zuen. Horrek askotan jendea atzera botatzen du”, adierazi digu Janire Urrestarazu, Urni­etako AEK euskaltegiko arduradunak.  
Euskaltegia aurrerantzean etxe ondoan izango dute beraz urnietarrek. Euskararen ezagutzan, baina batez ere elkarlana sustatuz erabileran eragin nahi dute Udalak eta AEK-k udalerri honetan. Honen­bes­tez, matrikulatzera animatzen gaituzte Urnietako euskaltegitik, eskualde osorako baliagarri den mezua azpimarratuz. “Animatu, behar bat dago eta denon erantzukizuna da horri erantzutea. Denon arteko lan bat izan behar du”, azpimarratzen du Janirek. 
Bailarako udal eta euskaltegiek egin bezala, euskara ikastea hizkuntza bat erabiltzeko ikastetik haratago doala gaineratzen du. “Mundu ikuskera bat irekitzen dizu hizkuntza bat jakiteak eta hori beti da aberatsa. Geroz eta hizkuntza gehiago jakin, ikuspuntu gehi­ago izango ditugu, kultura ge­hi­ago ezagutuko dituzu eta hori beti izango da aberatsa”, dio Janirek. Bai norberarentzat baita inguratzen gaituztenen­tzat ere.

Matrikula opari
Euskara ikasteak gainera saria dakar oraingoan, bai AEK-n matrikulatzen denarentzat, bai­ta bere lagun batentzat ere. AEK-n euskara ikasten ari bazara edo AEK-ko ikasleren bat ezagutzen baduzu, adi be­raz. 2017-18 ikasturterako ma­tri­kula bat oparitzera doa, zozketa bidez irailaren 27an. AEK-ko ikaslea edo ikasle baten laguna bazara, irailaren 22a baino lehen sartu aek.eus atarian eta parte hartu antolatu duten zozketan. Zozketako sarituak ikasturte berriko ma­tri­kula doan izango du eta sariduna gonbidatu duen AEK-ko ikasleak %50eko beherapena urriaren 2an abiatuko du­ten ikasturte berriko matrikulan. Zorte on!

Ia doan aterako zaizu
Buruntzaldeko udalek eskain­tzen ditutzen dirulaguntzei es­ker, oso modu onean ikasi daiteke. Ia doan, eskualdeko uda­lek herritarren eskura jarri­tako % 75-% 100 arteko dirulaguntzei esker, eta HABEk ikasmaila gainditzen dutenei eman­go dien bekari esker. 
Informazioa eskura liteke www.buruntzaldea.eus webgunean. 

 

Eskaintza zabala da

AEK euskaltegiak

Eskualde mailako eskaintza: euskaldundu, alfabetatu eta azterketak prestatzeko ikastaroak, autoikaskuntza, Mintzalaguna, Zilegi Es­ko­lak, ordutegi eskaintza zabala…

Andoain
Ordutegia: 10:00-13:00/17:00-20:00.

Astigarraga
Ordutegia: 09:00-13:00 (astelehen eta asteazkenetan); 17:30-19:30 (astearte eta ostegunetan).

Hernani
Ordutegia: 09:00-13:00 (astelehen, asteazken eta ostiraletan); 17:00-19:00 (astearte eta ostegunetan).

Lasarte-Oria eta Usurbil
Ordutegia: astelehenetik ostiralera (11:00-13:00/18:00-20:00).

Urnieta
Ordutegia: goizez.

Informazio gehiago: aek.eus

 

Udal euskaltegiak


Eskaintza: euskara maila guztietan ikasteko aukera, tituluak lantzeko ikastaroak, autoikaskuntza, kafe tertuliak, ordutegi malguak, epe ezberdinetan ordaintzeko erraztasunak…

Hernani
Matrikulazio epea: irailaren 4tik 22ra. Ordutegia: 09:30-13:30/16:30-19:30.

Lasarte-Oria:
Matrikulazio epea: irailaren 1etik 15era Ordutegia: 09:00-19:15.

Informazio gehiago: 
udaleuskaltegiak.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!