Atzo bezala, Zikuñagako frontoian izango dute arratsaldeko aurreneko zita auzotarrek, gaur ere. Zikuñagako jaien bigarren egunean, haurren esku pelota txapelketa jokatuko dute, 17:00etan hasita. Eta atzo palan bezala, eskuz daukaten trebetasuna erakutsiko dute gaurkoan, auzoko haur eta gaztetxoek.
Txapelketa bukatutakoan, berriz, frontoitik futbol kantxara mugituko dira, eskuekin baino, oinekin duten abilezia agerian jartzeko. Baina oraingoan, haurrek beraien artean bakarrik ez, helduekin jokatuko dute! Izan ere, guraso eta seme-alaben arteko futbito partidua izango da, iluntzeko 20:00etan hasita. Horrek jarriko du saltsa gaur! Zein arituko ote da hobeto?
Arratsalde betea, biharkoa
Eta asteburuko festa haundiaren aurretik, arratsalde betea izango da biharkoa. Aurrena, buruhaundiak aterako dira 17:00etan, Las Pu’n’tilloren musikak lagunduta. Ondoren, txikienen arteko moto lasterketa egingo dute 18:00etan.
Ipuin kontaketarekin jarraituko dute gero, 19:00etan, Apaxiren eskutik. Eta eguna bukatu eta asteburuari bidea egiteko, musika protagonista: Zikuñaga Music Factory 23:00etan, eta Patxuko Nice taldearen kontzertua gauerdian.