Bi dirulaguntza deialdi zabalik, eskualdeko ekintzaileentzat

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 7a, 02:00

Bi dirulaguntza deialdi zabaldu berri ditu Usurbilgo Udalak, Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duten herrietako biztanleentzat: Hernani, Astiga­rra­ga, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, eta Usurbil bera.
Batetik, Usurbil Zabalik II jarri du martxan. Horren bi­tartez, dirulaguntzak bideratuko dira, ekintzaile bati lokalaren alokairuan laguntzera,  Usurbilen hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko bat martxan jar­tzeko. Gehienez ere, aurreneko bi urteetako alokairu gastuak lagunduko dira diruz: aurreneko urtean, gastuaren %40 (gehienez 300 euro hilean); eta bigarrenean gastuaren %30 (gehienez 200 euro hilean).
Eskaerak Usurbilgo Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira, urriaren 31ra arte.

Hasiz Hazi beka, proiektu profesional bat abiatzeko
Beste dirulaguntza deialdia, Hasiz Hazi beka izango da. Honekin ere, alokairu gastua ordaintzeko dirulaguntza bat eman­go da, Kabiene elkartearen elkarlan-gunean proiektu profesional bat aurrera atera­tzeko: 12 hilabeteko alokairu gastua (75 euro hilean gehi 15,75 euroko BEZa); gehienez ere, 1.089 euroko zenbatekoa. Eskaerak Usurbilgo udaletxean aurkeztu behar dira, irailaren 30era arteko epean.
Bi dirulaguntza deialdien  informazio guztia eta oinarriak, ikusgai daude Udalaren web orrian: www.usurbil.eus, Udala ataleko Iragarki Taulan, 2017ko dirulaguntzetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!