Udako oporraldiko bizipenak oraindik pil-pilean dituztela, ikasturte berriari heltzeko garaia iritsi zaie, Urumea bailarako haur eta gaztetxo guztiei. Atzo hasi ziren dagoeneko, Goizuetako Xalto eskolan, baina gaur hasiko dira gehienak.
Horrela, aurkezpenak egin, irakasle berriak ezagutu eta martxan jartzeko eguna dute gaurkoa, Hernaniko Elizatxon, Inmakuladan, Urumean eta Hernani Institutuan. Langile ikastolakoak, berriz, bihar hasiko dira. Guztietan, goizez izango dituzte klaseak, irailean zehar, eta ordutegi normalari helduko diote urrian.
Hernani Lanbide Heziketako ikasleek ere, gaur izango dute aurkezpena, eguerdiko 12:00etan, eta bihar hasiko dituzte klaseak.
Goizez izango dituzte klaseak irailean zehar, gehienek; eta urritik, ohiko ordutegia.
Astigarragan eta Ereñotzun ere, eskolara gaur
Goizuetako Xalto eskolan atzo hasi ziren, baina bailarako beste eskoletan ere, gaur bueltatuko dira eskolara. Ereñotzuko Txirrita eskolan, goizeko 09:00etan jarri dute zita, iraila osoan izango duten ordutegiarekin abiatzeko gaur bertatik (09:00etatik 13:00etara).
Eta gaur daukate zita Astigarragako Herri Eskolan ere. Goizez joango dira gaur eta bihar, baina astelehenetik aurrera, goiz eta arratsalde ariko dira.