Berezia izango da, gaur arratsaldean, ikasturte berriko aurreneko literatur solasaldia. Berezia, batetik, ohi baino lehenago estreinatuko dutelako kurtsoa; baina bereziki, solasgai izango duten liburuaren idazlea, bertan egongo delako. Izan ere, Jose Luis Canchoren azken liburuaz ariko dira, Los refugios de la memoria.
Urtetan gaztelerazko literatur solasaldien dinamizatzaile izan da Cancho, Udal Liburutegian, eta bere lanari buruz hitz egitera etorriko da gaur, 19:30etatik aurrera. Berarekin hitz egin du Kronikak.
Berezia izango da zuretzat, gaurko literatur solasaldia...
Lagun zaharren arteko bilera bat izango da niretzat. Lau edo bost urtez izan nintzen literatur solasaldien koordinatzaile, eta bai Rakel liburutegiko arduradunarekin, eta baita solasaldietara hurbiltzen zirenekin, oso harreman intensoa izan nuen, elkarren arteko ezagutza sakona, irakurtzen genituen liburuei buruzko hizketaldien artean. Beraz, ilusio haundia egiten dit Hernaniko liburutegira bueltatzeak. Nire hitzetatik ondorioztatu daitekeenez, literatur solasaldietan bizi izan nuen esperientzia zoragarria izan zen.
Zer jasotzen duzu ‘Los refugios de la memoria’ liburuan?
Liburu autobiografikoa da, eta bertan, iraganaren berreskuratze anekdotikoa baino, memoria pertsonalean sakontzea bilatu nahi izan dut. Nire bizitzako ziklo nagusiei buruz hitz egiten dut: gaztaroa, borroka politikoa, irakaskuntza, bidaiak, literatura... Liburuak asko dauka nire bizitzarekin adiskidetzetik eta despedida gutunetik. Horiek biak izan dira liburua idazteko arrazoiak.