Bi urte pasa dira dagoeneko EAJ-PNV Astigarragako alkatetzara iritsi zenetik, eta denbora-tarte hori baloratzeko, aldizkaria argitaratu berri du alderdiak: Udal Gobernuaren berriak izenburupean. Jakinarazi dute egunotan banatu dutela argitalpena Astigarragako etxe guztietan.
«Helburu nagusia da legealdiaren balantzea egitea. Bertan EAJ-PNVk alkatetza hartu zuenetik martxan jarri diren proiektuak birpasatzen dira: kontsulta, hiri-hondakinak jasotzeko sistema aldaketa, Santiagomendi-Landarbaso paisaiarako Plana, fitness-gela berria edo Zarkumendegiraino iristen diren bidegorria aipatzen dira, besteak beste», azaldu du Astigarragako EAJ-PNVk prentsa-ohar bitartez.
Etorkizuneko erronkak, zerrendatuta
Egindakoaren balorazioa egiteaz gain, datozen urteetarako erronkak ere zehaztu dituzte bertan, zertan egingo duen lan 2019ra arte: «kultur etxe berria, aldiriko tren geltokia eta Herri Eskolaren handipena izango dira proiekturik garrantzitsuenak», diote.
«Herritar guztien zerbitzura»
Horrez gain, aldizkarian bertan alderdiak adierazi du udal gobernuan dagoenetik «herritar guztien zerbitzura» dagoela.