Uztaileko Plenoan onartu ondoren, dagoeneko egin daitezke eskaerak alokairu sozialean jarriko diren 6 etxebizitzen zozketan parte hartzeko. Hilaren 29ra arte izango da apuntatzeko aukera, udaletxeko erregistroan.
Sukalde osatua daukate etxebizitza guztiek, beharrezkoak diren elementu guztiekin.
Bi eta hiru logela
Urumea Berriko promoziokoak dira horiek guztiak, eta hain zuzen, Urumea kaleko 6 eta 10 zenbakietan daude kokatuta. Aurrenekoan, 3 logelako 3 etxebizitza, eta bi logelako bat zozketatuko dituzte; eta bigarrenean, bakoitzeko bana. Etxebizitza guztiek sukalde osatua daukate, ondorengo elementuekin: hozkailua, arropa-garbigailua, ontzi-garbigailua, bitrozeramika, ke-kanpaia eta arraskadun enzimera. Horrez gain, garaje eta trastelekuarekin eskainiko dira denak.
Urumea kaleko 6. eta 10. zenbakian daude kokatuta garaje eta trastelekudun etxebizitzak.
Baldintza ekonomiko eta pertsonalak, bete beharra
Eskaerak aurkeztu ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dira, bai pertsonalak, baita ekonomikoak ere. Horien artean daude: herrian erroldatuta egotea, egon izana edo lan egitea; urtean 3.000 eta 21.000 euro arteko diru-sarrerak izatea... Oinarriak eta baldintza guztiak ikusteko: www.astigarraga.eus web orrian edo Udaleko Hirigintza sailean.