‘HIESari irabazitako bizitzak’ dokumentala eta Indiako afaria, irailaren 15ean

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 5a, 02:00

Indiar kutsuko jardunaldi be­rezia antolatu dute Hernanin, irailaren 15ean. Arratsaldeko 19:30etan ha­sita Santa Barbara elkartean, HIESari irabazitako bizitzak dokumentala jarriko dute aurrena, eta indiar afaria eskainiko dute gero, 21:00etan.
Calcuta Ondoan GKEak anto­­latu du, Hernaniko Kooperazio Taldearen eta Udalaren lagun­tzarekin. Izan ere, Udalaren dirulaguntza batekin garatu du proiektua GKEak, Indian HIESa duten pertsonekin la­ne­an. Horregatik, gaiaren bueltan, sentsibilizazio ekimen bat  ere anto­la­tu dute Hernanin.

India munduan herrialde kaltetuenetakoa, HIESarekin
Fernando Verak zuzendu du dokumentala, eta Indiako HIESaren gaixoen testigantzak jasotzen ditu. India da, hain justu, munduan hiru herrial­de kaltetuenetako bat: 2,1 milioi indiarrek zeukaten HIESa, 2013 urtean; mundu osoan 36,9 milioi ziren, 2014an.
Proiekzioaren ondoren, ma­hai ingurua egingo dute ber­tan, Irantzu Jauregi Her­na­niko berdintasun teknika­ria­re­kin, eta Asier Lekuona Gipuz­koako HIESaren Aurkako Erakun­de­ko gizarte hezitzailearekin.

Afarirako, izenematea
Eta 21:00ak aldera hasiko dute afaria, «Indiako zapore goxoa izango duena», aurreratu du­te­­nez. Menua ere jakinarazi dute: hasteko, patata kroketak, men­ta chutneya, berenjena purea, pepino eta yogurt krema, eta opil bejetalak; ondoren, tan­do­ori oilaskoa, garbantzu ma­sala, eta basmati arroza; eta bukatzeko, mango eta melo­kotoi laasia. Indiar ogia eta edaria ere izango dira.
Bertan afaldu nahi duenak, hori bai, aurrez eman behar du izena, ostiral honetara arte: 943 43 18 49 eta 943 33 70 17 tele­fo­noetan, edo comuni­ca­cion@ cal­cutaondoan.org eta lanki­de­tza@hernani.eus emailetan. 18 euro dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!