Aurredenboraldiko azken txanpan sartu dira Ohorezko Mailako mutilak. Irailaren 17an hasiko dute Liga, etxetik kanpo, Cisnerosen kontra.
Egun hori irtisi bitartean, prestaketa lanetan buru-belarri ari dira, eta larunbatean Landaren hartu zuten Union Barbezieux Jonzac. Talde indartsua, ezbairik gabe. Hala ere, hernaniarrek indar erakustaldi bikaina egin zuten, eta gogor eutsi zioten arerioari. Azkenean, baina, bisitariak aurretik geratu ziren; 19 eta 26 galdu zuen Hernanik.
Denboraldia hasi bitartean, bi aste izango dituzte azken indarrak pilatu eta punturik gorenean daudela hasteko.
Kanpaina martxan klubak, abonatu eta laguntzaileen indarrak ere biltzeko
Indar pilaketa horretan, noski, jokalariez gain, zaleen babesa ere beharko du klubak.
Gauzak horrela, martxan dauka bazkide kanpaina. Landareko bulegoa irekita egongo da astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara, eta bertan eskatu daitezke izenemate orriak. Bertan agertzen dira ordainketa egiteko kontu korrontearen datuak.
Laguntzaileen kuota 30 eurokoa izango da. Hauek, aukera izango dute Hernanik etxean jokatzen dituen partiduetan zozketatzen diren bi lagunentzako otorduak irabazteko. Baina partiduetako sarrerak erosi egin beharko dituzte, Landarera gerturatzean.
Ez da hori abonatuen kasua. Hauen kuota 60 eurokoa da (lehendik badirenena, 55), eta hauek, otorduen zozketan eta Adarragako tartarenean hartuko dute parte, eta gainera, etxeko partiduetako sarrerak ez dituzte ordainduko.