Finalik ez aurtengoan, Barrenetxea IVak

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 3a, 02:00

Zergatik ez? Horixe zuen buruan aurten hernaniar ba­tek baino gehiagok. Izan ere, ordezkari bikaina izan dute Galarretako frontoian, Buruz Buruko Kutxabank Txapel­ketan: Endika Barrenetxea.
Lehengo urtean finalera iritsi, eta Urrizaren kontra neurtu zituen indarrak; 30 eta 21 galdu zuen orduko hura, eta aurten, bere estiloari ja­rraituz, «pauso bat aurrerago» eman nahi zuen Ba­rre­ne­txea IVak; txapelaren bila ari zen. Ezinezkoa izan da, ordea, atzo Uterga nabarmen gailendu baitzitzaion, finalerako pasea lortzeko borrokan.

Deseroso, partidu osoan zehar
Partidu orekatua espero zen; hernaniarrak sakeetan min egitea zuen aukera, eta Uter­gak, peloteora jotzea. Baina paperak aldatu zituzten.
Barrenetxea deseroso ari­tu zen partidu osoan, eta aka­tsak egin zituen sakean eta errestoan. Nahiz eta hasieran partiduari eutsi peloteoari esker, Uterga izan zen nagusi sakeetan. Bazirudien eutsiko ziola nolabait Barrenetxeak, 14-7 eta 14-10 gerturatzean. Baina 21 eta 12kora pasata, ezinezkoa izan zen. 30 eta 15 galdu zuen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!