Pasa den denboraldian mailaz igo ondoren, gogotsu ekin zion atzo Ligari, Nazional Mailako Ohorezko Jubenilen taldeak. Numancia zuen aurkari, eta etxean. Mutilek ilusio haundia zuten, baina maila berriari neurria hartu beharra diotela argi geratu zen; Numancia gailendu zen, 1 eta 3.
Barkamenik ez, kontrarioak
Hamaikakoa borrokarako prest atera zen Zubipeko zelaira: Asier Iraola, Luis Galardi, Julen Goikoetxea, Koldo Hernandorena, Beñat Iturrioz, Iñigo Cayetano, Xabier Sarriegi, Ekain Regil, Angel Antunez, Jagoba Erdozia eta Beñat Mendizabal. Aulkian, prest, Axel Alkorta, Paul Alvarez, Jon Sanchez, Iker Learte eta Aitor Resurreccion, eta entrenatzaile lanetan, Jordi Telletxea eta Jon Loran.
Partidua hasterako garbi zeukaten «kategoria honetan talde oso onak» daudela, Loranek aitortu bezala. «Espainia mailan dagoen jubenilen kategoria onena da». Horrexegatik, kontzentratuta hasi ziren. 35garren minutura arte eutsi zioten, eta orduantxe iritsi zen Numanciaren aurreneko gola.
Atsedenaldiaren ondoren, berriz, 5 eta 7garren minutuetan, beste bi gol sartu zizkieten. «Taldeak irudi oso ona eman du, baina gehiegi oparitu dugu, eta hemen, etsaiak, ez du barkatzen». Horrela, atzealdean Hernanik egindako akatsak aprobetxatu zituen Numanciak. Hernaniarrek borrokan segi zuten hala ere, eta 1 eta 3koa lortu zuten, Regilen golarekin. Bigarrena ere, gertu izan zuten, gainera.
Gauzak horrela, argi geratu zen atzo, lan asko dagoela egiteko, baina denboraldia luzea da, ikasteko.
Lagun artekoak, hobeto
CD Hernaniko gainontzeko taldeek ez dute Liga hasi oraindik, baina aurredenboraldia prestatzeko, lagun arteko partiduak jokatzen aritu dira. Atzo, hirutik bi irabazi zituzten.
Ohorezko Erregionalek 2 eta 3 irabazi zioten Beti Gazteri, eta preferenteek 1 eta 0, Astrabuduakori. Euskal Ligako neskek, berriz, galdu egin zuten 0 eta 1, Añorgaren kontra.