Hernani Errotzen elkarteak antolatuta, Erdi Aroko azoka jarriko da Hernanin, asteburuan. Gaur eguerdirako prest izango dira postuak, Kaxkoan barrena, eta igandera arte izango da aukera, horietan kuxkuxean aritu eta erosketaren bat egiteko.
Goiz eta arratsaldez, artisauen produktuak aukeran
Urtero antolatzen du azoka hau Hernani Errotzenek, eta aurten ere, maiatzean egitekoak ziren, baina antolakuntzak daukan konplexutasuna medio, atzeratu egin zuten.
Asteburu honetan izango da, ordea, azokarekin gozatzeko aukera. Gaur eguerdirako jarriko dituzte postuak, eta iluntzera arte egongo dira zabalik. Bihar eta etzi, berriz, goiz eta arratsaldez irekiko dituzte; 10:00etatik 22:00ak bitartean larunbatean, eta 10:00etatik 19:00ak ingurura arte, igandean.
Jakiak, jantziak eta mota guztietako osagarriak Kaxkoan barrena dozenaka postu jarriko dira, eta denetik erosteko aukera izango da.
Batetik, hainbat motako jakiak izango dira, eta postu batzuetan bertan jateko aukera ere izango da.
Bestetik, jantzi eta oinetakoak ere izango dira, eta baita osagarriak ere, norberarentzako eta etxerako.