Hernaniko Udalak eta Kooperazio Taldeak lagunduta, Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundeak Hiesari irabazitako bizitzak dokumentala proiektatuko du Santa Barbara elkartean, irailaren 15ean, eta ondoren, mahai-ingurua eta Indiako jakiekin osatutako afaria dastatzeko aukera izango da.
Pobretutako herrialdeetan proiektuak garatzeko dirula-guntza ematen du Udalak Lankidetza arloan, eta hain zuzen, horren emaitza da dokumental hau. Hiesa duten gaixoekin, eta bereziki, emakumeekin egiten duten lana ikusi ahal izango da bertan.
«Uste bezainbeste ote dakigu, Hiesari buruz?»
Calcuta Ondoan elkarteak 10 bat urte daramazki Indian, Indoren lanean, Hiesa dutenei tratamendua eman, eta gizartean dauzkaten hainbat taburi aurre egiten. «Bertako elkarteekin egiten dugu lan: gaixoekin, haien familiekin, gizarte langileekin, abokatuekin... Izan ere, askotan hitz egiten da giza eskubideez, baina Hiesa dutenak bazterrean geratzen dira. Are gehiago emakumeak; normalean haien senarrek kutsatzen dituzte, eta onartu beste erremediorik ez dute, familiak berak baztertzen ez baditu».
Hala ere, dokumentala «mimoz eta baikortasunez» egina dagoela azpimarratu du elkarteak, «izenburuak azaltzen duen moduan».
Dokumentalaren ondoren, mahai ingurua izango da. Irantzu Jauregi, Hernaniko Berdintasun teknikariak eta Asier Lekuona, ACASGIko (Hiesaren aurkako Gipuzkoako Elkartea) gizarte langileak hitz egingo dute. Izan ere, Calcuta Ondoanek azaldu bezala, «uste bezainbeste ote dakigu, Hiesari buruz? Askotan uste dugu herrialde pobreetako kontua dela».
Izenematea, afaritarako
Dokumentala 19:30etan jarriko da, eta segidan egingo da mahai-ingurua. Bukatzean, 21:00ak aldera, Indiako jakiekin osatutako menua dastatu ahal izango da, afaritan: aloo tikki (patata kroketak), pakora begetalak, tandoori oilaskoa... Horretarako izena eman behar da, irailaren 8a baino lehen: 943 43 18 49/943 33 70 17/lankidetza@hernani.eus/ comunicacion@calcutaondoan.org. Tokia dagoela ziurtatzean, 18 euro sartu behar dira Kutxabanken: 2095 5008 22 1062572119.