Gertu izan zuen Buruz Buruko Kutxabank Torneoko txapela iaz, Barrenetxea IV hernaniarrak, baina badirudi aurten bidea zaildu zaiola.
Atzokoan, hain juxtu iaz txapela kendu zion Urrizaren aurrean galdu zuen, 9 tantoko aldearekin: 30 eta 21.
Gauzak horrela, Urriza zuzenean finalera pasa da; irailaren 9an jokatuko da. Bere kontra zein ariko den, berriz, larunbat honetan erabakiko da, Uterga eta Barrenetxearen arteko lehian.
Gertutik segika, azkenera arte
Emozioa espero zen atzo, eta bi erremontistek ez zuten hutsik egin. Bizi-bizi hasi zuten partidua, eta batak besteari segika jokatu zuten.
Urriza ibili zen aurretik, baina Barrenetxea IVak gertutik jarraitu zuen une oro. Horrela, hainbat alditan berdindu zen markagailua: 14-14, 17-17 eta 19-19.
Hurrena, ordea, Urriza aurreratu zen, 21 eta 20. Hortik aurrera, Barrenetxea IVak ezin izan zuen askorik egin, eta 30 eta 21ekoarekin, Urrizak lortu zuen finalerako pasea. Barrenetxea IVak berriro ere borroka egin beharko du, larunbatean, finalera pasa nahi badu.
Guztia jokoan, larunbatean
Beraz, larunbatean erabakiko da, bigarren finalista zein izango den. Hernaniarrak Urrizaren kontra jokatu zuen finala lehengo urtean, eta aurtengoan, txapelketan koxka bat gorago bukatzea zuen amets. Aurrena, ordea, Utergari irabazi beharko dio, gutxienez iazkoa berdintzeko.