Urteko jardunaldi politena bizitzeko aukera izan zuten Urko eta Telmo Semperena anaiek aurreko igandean: aurreneko aldiz batera lasterka egiteko aukera izan zuten Ibarrako San Bartolomeko 36garren Sarian. Eta zuten nolanahi egin, izan ere, protagonista ere izan ziren.
Hasiera, oztopatuta
Ibarratik abiatu bezain pronto, laguntzarako autoen arteko talkaren ondorioz, berrogei minutuko geldialdia egin behar izan zuten 78 partehartzaileek Lizartzan.
Eta handik hasi zuten orduan, lasterketa berriro ere. Hortik aurrera, Amezketara bidean hasi zen lehia, eta handik Ordiziara, pelotoiarengandik egindako behin betiko ihesaldian hartu zuten parte Semperenatarrek. Hain zuzen, hala jarraitu zuten, aurreneko portura arte, aguantatzen eta beraien artean elkarlanean.
Altzoko aldapan, ordea, Telmo taldetik banandu egin zen, oso nekatuta baitzegoen. Dena den, oso gustora sentitzen zen, lana ondo egin zuelako.
Bertan baita ere, Ciclos Iturriagako Imanol Alvarezek aurrea hartu zuen, baina ez zuen lortu talde osoaz banatzea. Ibarrara jaistean, abantaila mantentzea lortu zuen, eta beraz, lasterketako garaipena ere bai.
Bere atzetik iritsi zen Urko Semperena astigartarra, 12 segundora, podiumeko bigarren postua lortuz. Gainera, Limousin taldeko Iñaki Muruari esprinta irabaztea ere, lortu zuen.
Hortik aurrera, talde txikitan hasi ziren iristen beste txirrindulariak.
Larunbatean, lasaiago
Aurreko egunean, larunbatean, aldiz, Beasaingo 36garren Saria jokatu zuen Urko Semperenak. Hasieratik, ihesaldia egin zuen txirrindulari talde batek, eta hala mantendu ziren, presioa eginez. Helmugarako 15 kilometro falta zirela, ahaleginak ez zuela merezi iruditu zitzaion Semperenari, eta erritmoa jaistea erabaki zuen, Ibarran dena emateko prest egoteko. Azkenean, 57garren egin zuen, 136tik.
Errepideko denboraldiari agurra, gaur eta bihar
Gaur eta biharko jardunaldiekin, bukatutzat emango du Urko Semperenak aurtengo Gipuzkoako errepideko denboraldia. Udazkeneko Kriteriumarekin izango da hori. Hiru etapa egingo dituzte, bi jardunalditan.
Gaur izango da aurrenekoa; goizeko 10:00etan abiatuko dira Oñatitik; bigarrena eta hirugarrena bihar izango dira, bata, Lierniatik abiatuko da 09:30etan, eta bestea, Seguratik Lierniara izango da, azkeneko 15 sailkatuekin.