«Garai batean jakintza memorian zegoen eta gordetzeko behin eta berriz errepikatu behar zen»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abu. 28a, 02:00

Mintzolak Bertsolarien kantaera eta sormena ikastaroantolatu zuen pasa den astean, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan. Miramar Jauregian bildutako Eñaut Agirre hernaniarra, Jon Martin eta Oihana Iguaran bertsolari eta iker­tzaileek alderdi ezberdinei erreparatu zieten sormenaz aritzeko ikastaroaren bigarren egunean; hala, ahozko hizkeraren ezaugarriez, flow egoeraz eta hedabideen agenda settingak bertsolariaren jardunean duen eraginaz aritu ziren.
Izatez bertsogintza ahozko hizkeratik eratorrikoa izanik, berauk eskaintzen dituen baliabideak bertsotarako zein erabilgarri izan daitezkeen azaldu zuen Eñaut Agirrek. «Garai batean jakintza konpartitua memorian zegoen eta zer egin behar zen hura gordetzeko? Errepikatu behin eta berriz».
Harekin batera, ahozko hizkerak eta batez ere euskarak oso bere dituen ezaugarri eta estrategiak azaldu zituen: «besteak beste, koherentzia narratiboa jarraitu beharrik eza edota ahozko formulak, unean uneko testuinguruak horretarako bide emanda». Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Ikerkuntza eta Euskara Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak esleitutako ikerketa kontratuarekin doktore-tesia egiten dihardu Agirrek.

Gaiak modu gordinean jarri
Hiru hizlariak bertsolariak izanik, bertsoaren sormen prozesua gertutik bizi izan dute Agirrek, Martinek zein Iguaranek eta horretaz aritu ziren Karlos Aizpurua ikastaroko zuzendariak gidatutako mahai-inguruan. Plazaz plazako ohiko jardunean «bertsolari eta gai-jartzailearen artean maiz egon ohi den komunikazio falta» seinalatu zuen Iguaranek. Agirre ere ados agertu zen eta gaiak «modu gordinean» jartzearen alde azaldu, bertsolariak helduleku gehiago izan ditzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!