KUTXABANK Torneoa ligaxkaren azken jardunaldian sartuko da gaur Galarretan eta dena erabakitzeko dago. Urrizak 30-15 irabazi zion Utergari ostegunean eta emaitza horrekin bi gauza argitu dira. Lehena, Utergak eta Ezkurra IIak gaur jokatuko dutela nor sailkatuko den finalerdietara elkarren aurkako partiduan, eta bigarrena, Urriza eta Barrenetxearen arteko partiduan jakingo dela nor sailkatuko den zuzenean finalera eta nork jokatuko duen finalerdia.
Utergak 27 tanto egitea nahikoa du. Horrela sei puntu bilduko lituzke eta nahiz eta Ezkurrak irabazi, ez litzateke bost puntutik pasako.
Ezkurrak finalerdietara pasatzeko irabazi eta gainera Uterga 27 tanto azpitik utzi behar du. Kasu horretan Ezkurra gaztea pasako litzateke.
Barrenetxea asteartean finalaren bila
Ligaxka asteartean amaituko da Urriza eta Barrenetxearen arteko partiduarekin. Lehia erabakiorra izango da jakiteko nor sailkatuko den zuzenean finalera. Irabazlea izango da ligaxkako lehen postuan amaituko duena eta beraz finalera sailkatuko dena. Galtzaileak finalerdia jokatu beharko du.