Kontxa aurreko azken estropada, gaur ‘Maialen’ek

Kronika - Erredakzioa 2017ko abu. 27a, 02:00

Gaur, amaituko da Gipuz­koako Emaku­mez­koen Traine­ru Liga, hamabigarren estropada puntuagarriarekin. Her­nani bertan izango da, Maialen traineruarekin, Liga ahalik eta hoberen amaitzeko prest eta osteguneko Kontxarako sailkapen estropadari begira. Baina aurretik ‘Bandera DYA’ jokatu behar dute gaur, 12:00etatik aurrera.
Pasai Donibanen egingo da arraun eta Pasaiako badiako ahoan egin ohi den eremuan izango da. Hau da, binaka, ba­tzuk Lezo aldera irtenda eta besteak itsaso aldera irtenda.
Hernani bigarren txandan ariko da eta Deusto izango du parez pare. Txanda berean aurkari dituzte Portugalete eta Donostiarra. Azken eta hirugarren txandan irtengo dira banderarako lehian dabiltzan txalupa azkarrenak; Arraun Lagu­nak, Orio eta denen gainetik dauden Hibaika eta, batez ere, Pasai Donibane.
Azken hauek Liga irabazia dute dagoeneko. Maialenek ere bosgarren postua zihurtatua du, hamaika punturen aldea baitu Deustorekiko. Postu denak nahiko finkatuak daude eta ez da espero aldaketarik sailkapen nagusian.

Kontxarako ­sailkapenari begira daude ontzi guztiak
Hala ere, talde guztiak Kontxara begira daude. Sailkapen estropada datorren ostegunean jokatuko da eta zazpik lortuko dute iraileko bi lehen igandeetara sailkatzea. Donostiarrak bere lekua seguru du bi igandeetan.

Kontxako zazpi plazetako bat lortzeko, 13 traineru
Ostegunean, 17:30e­tan erlojupeko proba egin beharko du Her­nanik eta aurten sailka­tzea oraindik ere garestiago dago. Hamairu traineruk eman dute izena eta horietatik lau galiziarrak dira eta bat kantabriarra.
Iaz baino hiru txalupa gehiago daude partaideen artean: Hibaika, San Juan, Orio, Arraun Lagunak, Her­na­ni, Deusto, Lea Artibai, Portu­galete, Castreña, Mecos, Cha­pela, A Cabana-Ferrol eta Cabo. Ondo bidean Hernanik Kontxan behar luke, galiziarren mailaren zain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!