Etengabe lanean aritzen dira Pausoka elkartean, gizartea sentsibilizatu eta, bereziki, elkartearentzako dirua biltzeko. Eta Portuko bizilagunek gogoan izan dituzte aurten, sagardo dastaketa solidarioan. Bertan bildutako dirua elkartea laguntzeko izango da.
Azkenekoz, Donostiako Aste Nagusian izan dira Pausokako kideak, Itzurun, Donostiako Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsak urtero martxan jartzen duen Ekimen Erraldoia medio. Kanoikada gertutik ezagutu, hainbat lagun ezagunen babesa jaso (argazkian, La Oreja de Van Gogh musika taldeko kideekin), eta ekimen horretako kamixeta soldarioak aurkeztu zituzten.
Bost urtetan, hirukoiztu baino gehiago
Behar bereziak dituzten haurren gurasoen elkartea, Pausoka, 2012an aurkeztu zen, eta 2014ko otsailean inauguratu zuen lokala, Hernaniko Etxeberri auzoan. Orduan, 34 bat umeri zerbitzua ematen hasi ziren bertan: fisioterapia, logopedia eta terapia okupazionala. Pixkanaka, gero eta familia gehiagori zerbitzua ematen aritu dira, eta gaur egun, psikologoa ere badago.
Azaroan, ordea, txiki geratu zitzaien lokala. «Dagoeneko 100 bat umeri ematen zaie zerbitzua», azaldu du Luismi Gomez, elkarteko lehendakariak. Horrela, Urnietan ireki dute beste lokal bat, eta arlo bakoitzeko espezialista banak egiten du lan bertan. «Hernaniko lokala bikoitza da, baina ez ginen kabitzen. Denetik egin dugu eta gela gehiago sortzen saiatu gara, pladurrarekin. Baina ez du gehiagorako ematen. Urnietako lokala ere utzia da, gasturik ekartzen ez diguna. Hori guretzako oso garrantzitsua da, lan egiten dugunean soldata jasotzea gustatzen baitzaigu, eta gure langileek guretzako lehentasuna dute. Azken batean, 14 terapeuta eta administrari bat dauzkagu lanean, gurasook gure lanbideak baitauzkagu, eta ezin baitugu denaren gainean egon; askotan, dirulaguntzen berri jakiteko ere, ezagutza gehiago behar da».
«Erakunde publikoek hartu behar lituzkete beren gain, gure umeen beharrak asetzeko gastuak, eta zentro bakar batean zerbitzu guztiak eman»
«Umeentzako Pausoka, dena da»
Hain zuzen, terapeuta horiek denek egiten duten lanak, elkarteko umeen bizi kalitatea hobetzen du. Luismi Gomezen esanetan, «umeentzako Pausoka, dena da. Aurrera egiteko beste batzuek baino gehixeago behar duten umeak dira. Aspace edo bestelako erakundeetara ere joaten dira, baina horietan, murrizketak eta abar izaten dira... Hemen, dena daukate: fisioterapia, logopedia, terapia okupazionala eta psikologoa. Eskolan, matematiketan juxtu-jutxu aprobatu, eta zazpiko nota ateratzeko klase partikularretara bidaltzea bezala da hau. Beste ume batzuk zailtasun haundiagoak dituzte, eta agian, ezingo dute hainbeste egin aurrera. Baina nahi duguna da beraien bizitzak ahalik eta errazenak izan daitezela».
Psikologoarena da elkartean jaso daitekeen zerbitzu berriena, eta honen garrantzia azpimarratzen du Gomezek. «Beste ume batzuk konturatu egiten dira egoeraz, eta garrantzitsua da sentitzen dutena kudeatzen erakustea. Barre egiten duten umeak nahi ditugu». Eta era berean, behar bereziak dituzten umeen familiek ere jasotzen dute, psikologoaren zerbitzua. «Urte eta erdi bada, psikologoak familiei babesa ematen diela. Askotan, ez duzu jakiten nola egin aurre egoerari. Berdin, anai-arrebekin; jakin egin behar dute zer gertatzen zaien senideei, eta ulertu egin behar dituzte. Baina beraiek ere nola sentitzen diren ulertu behar dute».
«Borrokan segiko dugu»
Aurreraupusoak eman dituztela argi dago, baina oraindik ere, hainbat behar dituztela azpimarratzen du Gomezek. «Beti behar da zerbait. Oraintxe, Urnietan umeak aldatzeko erregulatu daitekeen kamilla behar dugu. Oinarrizkoa dirudi, baina behar den arte, ez zara konturatzen zein garrantzitsua den».
Denetarako, dirua behar, ordea. «Ahal den tokitik ateratzen dugu. Portuko auzotarrek bezala, deitzen digutenean, asko eskertzen dugu. Gehitu dezakeen guztia da garrantzitsua, familien bazkide kuotak ez igotzeko. Helburua da familiek ez ezer ordaintzea. Erakunde publikoek hartu behar lituzkete beren gain gastu guztiak, eta zentro bakar batean zerbitzu guztiak eman. Igerilekua ere zoragarria litzateke, umeentzako inguru egokiena baita. Urruti ikusten dugu, baina orain bost urte, honek guztiak ere, utopia zirudien! Hau etengabeko borroka da. Hala ere, hernaniarrek zenbat laguntzen diguten ikaragarria da; gutxien daukanak ematen du gehien. Hori aldatzeko borrokan segiko dugu!».