Askorentzat bukatu dira oporrak, eta horien artean dira Hernaniko kirolari gehienak. Aurreko asteetan hasi ziren entrenatzen CD Hernaniko futbol saileko jokalariak, eta gauza bera egingo dute gaurtik aurrera Hernaniko Errugbi Elkartekoek.
Ohorezko Mailako mutilak, mailari eusteko asmoz
Errugbi Elkarteak jakinarazi duenaren arabera, badirudi aurten hamar talde izango dituztela: Ohorezko Mailakoa, Senior gizonezkoak B, Senior Emakumezkoak, Sub.18, Sub.16, Sub.14, Sub.12, Sub.10, Pokemon eta Azeri Zaharrak. Eta horietatik, lau taldek hasiko dute gaur aurredenboraldia.
Arratsaldeko 18:30etan estreinatuko dute Landareko zelaia Sub.18 taldekoek, hau da, 2000 eta 2001ean jaiotakoek. Eta hortik aurrera, jaitsiko dira beste guztiak: emakumezkoak, 19:00etan, eta Seniorrak, B eta A taldekoak, 19:30etan.
Azkeneko hauek, beste urte batez jokatuko dute Ohorezko Mailako Ligan, eta dagoeneko iragarri dute irailaren 17an izango dutela aurreneko norgehiagoka, Cisnerosen kontra, beraien etxean, Madrilen.
Landaren irailaren 24an jokatuko dute aurreneko partidua, oraingo honetan, Valladolideko VRAC taldearen kontra. Ez da aurkari erraza izango, aurreko urtean bigarren geratu baitzen, Ligaren irabazlearekin, El Salvadorrekin, puntuaketan berdinduta.
Datozen asteetan, beste sei taldeak
Aurreragorako utziko dute aurredenboraldiko hasiera, Hernani Errugbi Elkartearen beste sei taldeek, eta gutxinaka hasiko dira entrenatzen.
Bihar jaitsiko dira Landarera aurrenekoz Sub. 16koak, edo 2002 eta 2003 urtean jaiotakoak; ostegunean ekingo diote lanari Azeri Zaharrek; hilaren 29rako utziko dute hasiera Sub.14koek (2004-2005 urtekoek) eta Sub.12koek (2006-2007 urteak); eta irailaren 1ean egingo diete ongietorria txikienei, Sub.10ei (2008 -2009 urteak) eta Pokemonei (2010 urtea).
Gasteizen, errugbi barneratzailearen mundiala
Bestalde, errugbiaren beste alor bat lantzeari ekin zion Hernanik aurreko urtean, errugbi barneratzaileari. Hainbat saio egin dituzte beren lana ezagutarazteko, eta aurreko denboraldiko derbiko dirua Gasteizeko mundialera bideratu zuten. Laguntza horri esker, besteak beste, egunotan ari dira jokatzen mundial hori, eta hilaren 25era arte luzatuko da.
HCRE: Talde guztien entrenamenduaren hasiera
- Senior gizonezkoak, ‘A’ taldea:
Gaur, astelehena, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
- Senior gizonezkoak, ‘B’ taldea:
Gaur, astelehena, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
- Senior emakumezkoak:
Gaur, astelehena, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
- Sub. 18 (2000-2001 urteak):
Gaur, astelehena, arratsaldeko 18:30etatik aurrera.
- Sub. 16 (2002-2003 urteak):
Bihar, asteartea, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
- Sub. 14 (2004-2005 urteak):
Hilaren 29a, asteartea, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
- Sub. 12 (2006-2007 urteak):
Hilaren 29a, asteartea, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
- Sub. 10 (2008-2009 urteak):
Irailaren 1a, ostirala, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
- Pokemon (2010 urtea).
Irailaren 1a, ostirala, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
- Azeri Zaharrak:
Hilaren 24a, osteguna, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.