Ikasturte berria hasiko du irailean Joe Linehan, hernaniartutako irlandarra kide den Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak, eta horretarako, lau ibilbide antolatu ditu aurten.
Aurreko urteetan egindakoaren antzera, horien guztien helburua da Bigarren Mundu Gerran, Naziengandik ihes egiteko Pirinioetan barrena, gure inguruetan, egin zituzten ibilbideak ezagutaraztea.
Schepens-Sarotxar ibilbidea bi aldiz egingo dute ikasturtean zehar.
Comete sarearen ibilbidea, aurrenekoa
Aurreneko zita irailaren 11rako jarri du elkarteak, Comete sarearen ibilbidea egiteko. Gauez egingo dute, eta 10 pertsonentzako lekua dago bakarrik.
Bigarrena, Mendiriz Mendik gidatuta izango da urriaren 22an, eta bertan ezagutu ahal izango da Mendibeko zerrategia, ezkutuan Zero sarearen gordelekua izan zena. Charles Schepens-Manex Sarotxar ibilbidea deitu ohi zaio; izan ere, Shepens mediku belgiarra izan zen gordelekuko zuzendari, eta Sarotxar, aldiz, bidea egiten laguntzen zuen artzaina.
Hirugarren txangoan, aurreko bide berbera egiteko asmoa daukate, baina asteburu pasa bezala: 2018ko ekainaren 23 eta 24an izango litzateke, eta nazioarteko erakundeak gonbidatuko dituzte.
Azkenekoa antolatzeko lanean ari dira oraindik, baina Bidasoa Askatasun Bideak elkartearen asmoa da Donostialdea eta Oarsoaldeako Bigarren Hezkuntzako ikasleekin irteera bat egitea.
Harremanetarako, internet
Izena emateko edota informazio gehiagorako, taldearekin jarri daiteke harremanetan, bidasoaeuskalpirineoak@gmail.com helbidean.