Astigarragak festa usaina dauka egunotan; Santiomendiko jaiak izan ziren atzo, San Roke eguna ospatuko dute gaur ermitan, eta asteburuan, Ergobiako jaiek jarriko diote ginda asteari.
San Roke eguna, dantzan
Euskal doinu eta dantzek ikaragarrizko garrantzia izaten dute urtero, Santiomendiko San Roke egunean, eta aurten, ez da gutxiago izango. Goizeko 11:00etan hasiko da festa, meza nagusiarekin, eta handik irtetean, eskainiko du Astigar dantza taldeak, aurreneko dantza emanaldia.
Ondoren, bazkari herrikoia izango da ermitako inguruetan, eta bazkalostean, bigarren dantzaldiari ekingo diote. Oraingo honetan, bertaratutakoek egingo dute dantza Alaiki taldearen erritmora.
Asteburuan, Ergobian
Egun bakarra izango dute astigartarrek atsedenerako, izan ere, etzi hartuko dute lekukoa Ergobiako festek. Arratsaldeko 17:00etan izango da aurten txupinazoa, eta hortik aurrera, festa besterik ez da izango, datorren astelehenera arte.
SAN ROKE EGUNA GAUR, SANTIOMENDIKO ERMITAN
11:00, Meza.
12:00, Astigar dantza taldeko dantzarien emanaldia.
14:00, Bazkari herrikoia. Txartelak salgai Ikatza tabernan.
17:30, Alaiki taldearekin dantzaldia.