Altxor, danbor eta omenaldi, Zikuñagan

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 9a, 02:00

Buru-belarri aritu dira lanean aurten, Zikuñaga auzoko gazteak, Jai Batzordeko helduekin batera, festak ondo antolatzeko. Gaurko, nobedade bat dakarte: altxorraren bila jolasa antolatu dute, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte benetako altxorra, auzotarren arteko giro ona, partekatzera.
Baina bestelako makina bat ekitaldi ere izango dira gaur eta bihar; festen laugarren eta bosgarren egunean.

Jolasak, tortilla eta sagardoa eta Esther Lopezi omenaldia
Aurreko egunetako pala eta esku pelota txapelketak bukatuta, gaurkoan, haurrentzako jolasek izango dute protagonismoa. Goizeko 10:30etan hasita, irinarena, eltxetxoena eta bestelako hainbat jolas izango dira aukeran.
Gero, 12:30etan, 12:00ak arte jasoko diren tortillen artean onena zein den jakinaraziko da, eta sagado dastaketak lagunduta jan ahal izango dira denak.
Arratsaldean, berriz, jolasekin jarraituko dute: uraren guda eta altxorraren bila egingo dira, eta guztia borobiltzeko, dagoeneko famatua egin den danborrada, Zikuñagako Amari jotako doinua barne.
Gaueko 22:00etan, berriz, ekitaldi berezi bat izango da: Esther Lopez Arroyo boleibol jokalariari omenaldia egingo diote auzotarrek.
Musikarekin borobilduko dute eguna, eta gaua, segidan.

ZIKUÑAGAKO JAIAK

Gaur:
10:30, Eltxetxoen eta irinaren
jolasak, eta haurren toka, bote eta igel txapelketak.
12:30, Tortilla lehiaketa (tortillak 12:00ak arte jasoko dira lokalean)
Ondoren, Sagardo dastaketa.
16:00, Urarekin guda.
17:00, Altxorraren bila.
20:00, Danborrada.
22:00, Esther Lopez Arroyori
omenaldia.
23:00, Urumea txaranga.
00:00, Dantzaldia Los Rubi
taldearekin.

Bihar:
10:00, Zikuñagako Amaren
omenezko meza.
11:30-13:00, Marrazki Lehiaketa.
12:00-14:00, Jumping eta
puzgarriak.
14:00, Paellada herrikoia.
16:00, Apar festa.
Ondoren, Marrazki Lehiaketako sari banaketa.
16:30, Helduen toka, bote eta toka txapelketak.
17:00-19:00, Jumping eta
puzgarriak.
18:30, Herri Kirolak:
Harrijasotzaileak: Joseba eta Udane Ostolaza.
Aizkolariak: Joxe Mari, Eneko eta Aratz Esnaola.
Ondoren, DJ Nemux-ekin dantzaldia.
21:30, Zezen suzkoak, traka eta jaien amaiera.

Paellada eta herri kirolak
Bihar ere izango dira haurrentzako makina bat jolas: marrazki lehiaketa, jumping eta puzgarriak, apar festa...
Baina guztiak elkartuko dituena, paellada herrikoia izango da. Arratsaldean ere, denentzako ekitaldiak izango dira: herri kirolak, jolasak, DJa, zezen suzkoa... Azken traka lehertu arte!

 

Esther Lopez Arroyo omenduko dute, gauean

Boleibolaren munduan izar ezguna bihurtu da hernaniarra. Zehatzago esateko, zikuñagarra. Horregatik, omenaldia egingo diote auzoan.

Jai Batzordeak pozik azaldu du, Esther Lopez Arroyo auzotarrari omenaldia egingo diotela. «Urteak daramazkigu egin nahian, baina oso lanpetuta ibili izan da. Orain ere, jokatu duen taldean koordinadore dabilenez, ez da erraza izan, baina lortu dugu gonbidapena onartzea. 17 urte egin arte auzotarra izan zen, eta asko berarekin hazi izan dira, koadrilan!».
Pasa den denboraldian utzi dio Lopezek boleibol profesionalean joka­tzeari, eta au­zotarren omenaldia mo­mentu ezinhobean iritsi da, bere ibilbidean zehar lortutakoa ospatzeko. Gaur gaueko 22:00etan jarri dute zita.

28 denboraldi, 18aren jabe
28 denboraldi egin ditu joka­tzen, soinean beti 18 zenbakiarekin. Jokatu duen tal­de guztiekin irabazi du lehiaketaren bat; aipagarriena, 2004an, Tenerife Marichal taldearekin: Euro­pako txapeldun izan ziren. Eta bakarka ere, lan ikargarria egin du: Espainiako selekzioarekin 93 aldiz jokatu du, eta mundu mailako liberorik onena kon­tsideratzen dute askok.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!