GAURKO Eguna «Euskal Herriaren independentziaren erreferentzia eguna» bihurtzeko asmoz, Pasai Donibanera joateko deia luzatu du Orreaga Taldeak. Bereziki zuzendu zaie «abertzale guztiei».
Urtero bezala, eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia, Pasai Donibaneko santutxoaren aurrean, eta bertan irakurriko dute «erreferentzia historiko-politiko labur bat», eta lore eskaintza bat egingo dute.
Erresistentzia, printzipio nagusia
Bertan salatuko dute «okupazio egoeran bizi garela». «Estatuak, aske direnean eraginkorrak dira euren interesak defendatzeko, eta hori dute oinarri. Baina okupatua den estatuak erresistentzia du printzipio nagusia», azaltzen dute.
Eta hori antolatu egin behar dela: «erresistentzia hori antolatu egin behar da; alegia, gure instituzio propioak sortu. Hori da askatasuna lortzeko munduko nazioek onartzen duten bide bakarra. Hori da abuztuaren 15eko ekitaldiaren funtsa eta mamia, Askatasun Eguna elikatuko duen gogoeta».