Ikasturtea hasteko hilabete besterik ez da falta, eta tarte hori aprobetxatu du Astigarragako Udalak, Herri Eskolan hainbat lan egiteko. Aurreko astetik aurrera, Herri Eskolako patioan egiten ari dira lan horiek, Astigarragako Udal gobernuak jakinarazi duen bezala. Hamabost egunetan bukatuta egongo dela aurreikusten dute, eta beraz, ikasturte berrian estreinatu ahal izango dute 2 eta 5 urte bitarteko astigartarrek.
102 metro karratuko jolasgunea
Hain zuzen, eraikuntzaren atzekaldean, kiroldegiaren eta eskolaren arteko patioan eraikitzen ari dira jolasgune berria. Guztira, 102 metro karratuko eremua hartuko du, eta horietatik zati bat estalita egongo da: «jolas eremura hiru laurdena estalita egongo da, eta bakarrik laurden bat geldituko da itxiturarik gabe», azaldu du Udalak. Hala, diotenez, jolasgunea urte osoan zehar «erabilgarria» izango da.
«Jolas eremutik hiru laurden estalita egongo da, eta bakarrik laurden bat geldituko da itxiturarik gabe»
Bi motatako jolasak, eskolako txikienentzat
Eraikitzen hasiak diren eremu berriak bi motatako jolasak izango ditu, batez ere: eskalatzekoak, eta txirristak. Hori horrela egitearen arrazoia da «ikastolako aldaparen ezaugarriak aprobetxatzea».
Horrela, beraz, bertan jarriko dira: eskalada sarea, soka jokoa, eskalatzeko sokak eta panelak, egurrezko pasabidea, eta hainbat igoera eta txirrista zabal. Gainera, jakinarazi dute: «kolorezko zola amortiguatzaile berezia jarriko da parkean, umeen segurtasuna ziurtatzeko».
Urte osoan erabilgarri
Horretaz aparte, Udalak jakinarazi du obra honekin gurasoen nahia betetzen dutela: «Astigarragako gurasoek behin baino gehiagotan eskatu dute haur parke gehiago estali behar direla gure herrian eta udal gobernuak erantzuna eman nahi dio proposamenari».