Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra «osorik beteta», ostiral goizean atera ziren Valentziako Picassent espetxetik, Josune Balda eta Jose Camacho euskal preso hernaniarrak, Etxerat Elkarteak jakinarazitakoaren arabera. Familiako kide eta lagunak izan zituzten zain, eta atera bezain pronto, Kepa del Hoyo presoa izan zuten gogoan.
Oiartzunen izan ondoren, iluntzean iritsi ziren Hernanira, eta Tilosetan herritar ugari bildu zen biei ongietorria egitera. Dantzariek agurra dantzatu eta bertsolariek kantatu ostean, hitza hartu zuen Camachok, eta egindako harrera beroa eskertzeaz gain, Kepa del Hoyo gogoratu nahi izan zuten berriro, eta babes osoa eskaini zioten haren familiari. Ekitaldia bukatzeko, beren argazkiak kendu zituzten Garin tabernatik eta Nafar kaleko paretatik.