Auzoetako festen garaia da hau, eta aste potentea izango dute aurretik astigartarrek. Santiomendiko jaiak eta San Roke jaiak ospatuko dituzte aurrena, datorren astearte eta asteazkenean, eta horiek hartuko diete aurrea asteburuko Ergobiko festei.
Santiomendi, tradizioaren erritmora
Tradizioan mugitzen den auzoa da Santiomendi, eta hori ederki islatzen dute urtero, beren auzoko festetan. Goizeko 09:00etan hasiko dute festa dianarekin, eta ondoren, 09:30etan Oilaskoak Biltzera aterako dira.
Goizak aurrera egin ahala girotuz joango da auzoa. 11:30etan izango da ohiko tortilla txapelketa, eta bertan izango da Begoña, epaimahai lanetan. Sagardo dastatzearekin batera, bertaratzen diren guztiek jan ahal izango dituzte tortila pintxoak, beranduxeago.
Bitartean, zaldiak prestatzen hasiko dira, zaldi demarako; eta 12:00etan hasiko da ikuskizuna.
Auzotar guztiak bilduko dira, gero, mahaiaren bueltan, auzoko bazkarian, eta herri kirolek girotuko dute bazkalostea, arratsaldeko 18:00etan hasita; toka txapelketa ere izango da, hori bukatuta. Eta eguna borobiltzeko, auzo afaria egingo dute.
San Roke eguneko bazkarirako txartelak salgai daude Ikatza tabernan.
San Roke ermitan, hurrengo egunean
Baina auzoko festak ez dira bertan bukatuko; izan ere, hurrengo egunean, ermitan izango da giro aparta. Santiomendiko puntan ospatuko dute, beste behin, San Roke eguna.
Meza izango da aurrena, goizeko 11:00etan, eta elizkizuneko irteera Astigar dantza taldeko neska-mutilek alaituko dute. Ondoren, 14:00etan, egingo dute herri bazkaria (txartelak salgai daude Ikatza tabernan) eta Alaiki taldearen musikaren erritmora dantzatuko dute arratsaldean, festaren bukaerara arte.