Ohitura berreskuratzea erabaki dute aurten, eta azken urteetan bezalaxe Urnietara joan beharrean, Leitzara eginen dute abuztuko mendi martxa aranoarrek.
Duela urte batzuk eginen zuten ibilbide bera eginen dute, eta ondoren, Leitzan geratuko dira bazkaltzen, bertako jatetxeren batean. Ondorengo buelta, partaideen arabera eginen dute: asko badira, autobusen bat hartuko dute; bestela, kotxeetan joanen dira.
Eguraldi ona egitea besterik ez dute espero; dena den, euria egiten badu, umorez hartuko dute: «eguraldi oso txarra bada, zuzenean bazkaltzera joanen gara. Eguna ez dugu alferrik galduko!». Giro ona, behintzat, ez zaie faltako!
Azkeneko eguna, bihar
Plana osatzen joateko, apuntatzeko deia egin dute. Horretarako, zerrenda jarri dute Kontsejun, eta bihar arte izanen da apuntatzeko aukera.