Burgosen barrena egingo dugu irteera irailaren 24an, Tres Dedos mendira. Magdalena mendizerran dago kokatuta, probintziaren iparraldean. Hiru gailurrez osatutako mendia da. Hirutatik garaiena, Peña Mayor izenarekin ezagutzen da, eta helikoptero baten forma duen gutunontzia du.
Irteera honetan, Complacera izeneko tuneletik igaroko gara. Losa eta Mena bailarak elkartzen zituen bidean dago, Portillo del Polvero izeneko mendatean. Eskuz, pikatxoiarekin eta palarekin, zulatutako 70 metro inguruko tunela da.
Complacera tunela Las Merindades eskualdeko historiaren zatia da. Ingeniaritza obra honek, inguru hauetan baso-jarduerak izan zuen garrantzia adierazten digu. Tunela XIX. mendearen amaieran, 1891 urtean, eraiki zen. Bere helburua, hegoaldeko La Peña mendietan lortzen zen egur ikatza garraiatzen zuten zaldi eta mandoei bidea erraztea zen. Egur ikatz hori, Mena bailaran zegoen El Mercadillo tren geltokira jaisten zen, eta hortik Bilbo inguruko galdategietara garraiatzen zuten.
Inguru hauetan ere, Ordunte mendiak daude. XVI. mendean, Mena bailaran garapen handia izan zuten bertako burdinolek. Garai hartan zegoen teknologiarekin, 50 kg burdin ekoizteko 250 kg egur ikatz behar ziren. Mende hartan idatzitako ordenantzetan egur ikatza ekoizteko adina egur ziurtatzeko arauak jasota daude. Hala ere, urteen poderioz egur ikatzaren ekoizpenak bere eragina izan zuen inguruko basoetan, eta gaur egun oraindik nabari den eragin ekologiko handiarekin, baso horietako asko guztiz desagertu ziren.
Castro Grande izeneko gailurra, Portillo de Polvero mendatearen ezkerrean kokatuta dago. Inguru zoragarri hauek itsusten dituen gauza bakarra da. Antenaz jositako komunikazio konplexua da. Pena bat da, baina gaurko komunikazio berriek ipintzen diguten ordaindu beharreko peajea da.
Cilieza herrira, Ovilla herrian hasi eta kotxeentzako egokia den pista batetik iristen da. Autobusak ezin duenez pasa, guk oinez egingo ditugu 1,5 km horiek.
Ibilbidea, polita eta erraza
Cilieza herrixkatik irteten den ibilbide polita egingo dugu, eta ibilbidea erraza da. Hasieran igoera gogorra du, eta desnibel handia egiten da, baina horrez gain, ez du ezer berezirik. Zailtasuna distantzia izan daiteke, desnibela ez baita handia.
Herritik irten eta bideari jarraituz, gora egiten hasiko gara. Hasierako igoera hau lasai hartuz, ia konturatu gabe egiten da lehenengo 400 metroko desnibel hori. Gainera, Complacerako tunelera iritsi arte bidea baso barrutik, itzalean, egiten da.
Tunela zeharkatu ondoren, mendiaren beste aldera pasatuko gara, eta hortik aurrera gandor leun bat jarraitzea besterik ez da. Igoera asko makaltzen da eta oso eroso egiten da zati hau. Hainbat gailur txiki eta mendate igaro ondoren Tres Dedos gailurretara iristen da. Gailurretik paisaia ikusgarria da. Ipar aldera Burgos iparraldeko mendi gehienak ikusi daitezke. Bide berdinetik egingo dugu itzulia.
Datu interesgarriak
CILIEZA - TRES DEDOS (1.167 metro) - CILIEZA
- Non kokatzen da: Burgos probintziako iparraldean
- Luzera: 16 km
- Denbora: 5 ordu
- Desnibel metatua: 600 m. inguru gorantz eta beherantz
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta
- Mendiriz Mendik irailaren 24an egingo du irteera hau