Madrilen bizitakoa «esperientzia polita» izan dela aitortu du Maialen Sagües hernaniarrak, baina baita «paliza polita» jaso zuela ere! Garrantzitsuena, ordea, ondo pasatzea izan da, eta horrekin ez dauka dudarik; ederki aprobetxatu du aukera.
Catan mahai jolaseko estatu mailako finala jokatzen izan da Madrilen. Aurretik, Hernaniko Gaueko Komiki Dendan egin zen txapelketan bigarren sailkatzea lortu zuen, eta horrek eman zion aukera, estatuko finalera joatekoa. Guztira, 200 partaide aritu dira bertan.
«Jende asko ezagutu nuen; egun atsegina izan zen»
Finalean 142garren postuan geratu zen Sagües, eta horregatik dio «paliza» eman ziotela. Normala, bertan aurkitutako maila ikusita; «maila izugarri altua zen. Aurreko urteko mundialeko finalista bertan zegoen!». Horretarako, bere erkidegoan irabazi, Madrilen irabazi, Europan ere irabazi eta mundu mailako finalean bigarren egin zuen.
Gauzak horrela, ondo pasatzearen aldeko aukera egin zuen hernaniarrak. «Jende asko ezagutu nuen; egun atsegina izan zen».