Urtero bezala, Orreaga taldeak ekitaldia antolatu du abuztuaren 15erako Pasai Donibaneko santutxoaren aurrean; eguerdiko 12:00etan hasita, erreferentzia historiko-politiko labur bat irakurri eta lore eskaintza egingo da. Ondoren, plazara abiatuko dira, ekitaldi politikoarekin jarraitzeko.
Egun hau «Euskal Herriaren independentziaren erreferentzia eguna bihurtu» nahi du taldeak, eta «abertzale guztiak gonbidatu» ditu parte hartzera.
Orreagako bataila, «erreferente historikoa»
Orreaga taldearen esanetan, «herri batek erreferente historiko nagusi batzuen beharra dauka, eta horietakoa da, dudarik gabe, 778. urteko abuztuaren 15ean Orreagan euskaldunek frankoei irabazi zieten bataila. Erreferente historiko horietatik irakaspen garrantzitsuak atera ditzakegu».
Hain zuzen, irakaspen horietako bat da egun horretan «gure arbasoek subjektu politiko bihurtzeko estrategia eta indarra izan zutela, eta haien garaipenari esker gaudela gu hemen». Eta gogorarazi dute han idatzi zirela «gure konstituzioaren lehen hitzak. Erabil ditzagun, bada, gure indar guztiak Nafar Estatu euskalduna berreskuratzeko lanetan», aldarrikatu dute.
«778. urteko abuztuaren 15ean Orreagan, euskaldunek frankoei irabazi zieten bataila»
Bi indargune
Berreskuratze lan horretan, bi indargune badirela azpimarratu du taldeak. «Nafarroako Estatua bortxaz laburtu ziguten», azaldu du, eta beraz, ondorioztatu: «gure estatuari ez diogu inoiz uko egin; indarrean jarri behar dugu, horretarako zilegitasun guztia daukagu».
Horrekin lotuta, erresistentzia da bigarren indargunea. «Okupatua den estatuak erresistentzia du printzipio nagusia».
Erresistentzia hori antolatu egin behar dela gogorarazi du, ordea, eta horregatik, «Askatasuna Eguna» ospatzeko dei egin du.