Aspaldi egin ez bada ere, ohitura berreskuratzea erabaki dute Aranon; Leitzara ibilaldia antolatu dute, berriro.
Egun pasa, eguraldiak laguntzen badu, edo ez badu!
Hilaren 19rako jarri dute zita. Asmoa da aspaldian egin ez den mendi ibilbidea berreskuratu eta Aranotik Leitzara oinez joatea. Ondoren, Leitzan bertan bazkalduko dute, jatetxeren batean.
Bueltarako, berriz, izena ematen duen jende kopuruaren arabera erabakiko da autobusen bat hartu, ala kotxe partikularrak erabili.
Eguraldi ona egiten badu, hobe, noski. Horrela, oinez joan eta piñudietan barrena ibiltzeko aukera izanen baita. Hala ere, antolatzaileen esanetan, «eguraldi oso txarra bada, zuzenean bazkaltzera joanen gara. Eguna ez dugu alferrik galduko!».
Izenematea Kontsejun, hilaren 13ra arte
Guztia hobeto antolatzeko, izena emateko eskatu dute. Hilaren 13a izanen da horretarako azken eguna; Kontsejun dago zerrenda, eta haur, gazte eta helduei animatzeko dei egin diete.