Amabirjin jaietako txupinazoa astelehenean, Amabirjin egunaren bezperan botako dute Goizuetan, eta hilaren 18ra arte izanen da zerekin gozatu, herrian. Baina asteburuan, dagoeneko, izanen da festa girorik.
Hain zuzen, Umeen Eguna igandea izanen da, eta gazteak ere martxan jarriko dira txupinazoaren aurretik, astelehena izanen baitute haien eguna.
Bazkaritarako txartelak eta kamixetak jasotzeko zitak
Horrela, itxaferoa bota aurretik hainbat lan aurreratu behar izaten direla eta, dagoeneko azken txartelak geratzen dira salgai Amaia kafetegian, Umeen Eguneko bazkarirako, edota Gazteen Egunekorako. Azken hauek, iaz bezala, paella prestatu beharko dute astelehenean, 11:00etan hasita, eta oinarrizko osagaiak antolakuntzaren eskutik jasoko dituzte, aurretik izena ematen dutenek.
Bestalde, Gazte Eguneko kamixetak jasotzeko bi egun jarri dira aurten ere; aurrenekoa ostiralean, hilak 11, arratsaldeko 18:00etan Plazan, eta bigarrena, hilaren 14an, 11:00etan, Plazan baita ere.
Musika eta xexenak, hasteko
Festa giroa, beraz, umeek jarriko dute, igande honetan. Goizeko 08:00etan Auroroak hasiko dira festan, eta 09:0etan, Irumaita txaranga.
Gero, meza, pilota partiduak eta bazkaria izanen dituzte umeek, eta arratsaldean, 16:30etan hasita, xexen eta poniak, berendua, espuma festa 18:30etan, Plaza Irrintzika berbena eta Goittikiren aldeko bingoa.