Zalantza guztiak argitu dira; Ezkurra II izan zen, asteartean, larunbatean hasiko den Buruz Buruko Ligaxka jokatzeko azken pasea lortu zuen erremontista. Beste hiru erremontistak lehendik lortua zuten lekua: Barrenetxea IVk, Utergak, eta lesioa hain larria ez dela ziurtatu ondoren, Urrizak.
Galarretako gaurko erremonte jaialdian, beraz, ez da bakarkako partidurik jokatuko. Baina aukera paregabea izango da, Buruz Burukoan elkarren kontra ari beharko dutenen indarrak neurtzeko.
Hain juxtu, Barrenetxea IV hernaniarra eta Uterga izango dira Ligaxka horri hasiera emango diotenak, larunbatean, baina gaurkoan, elkarrekin aritu beharko dute, Ezkurra eta Endikaren kontra.
Gaur, 16:00etatik aurrera jokatuko dira beste hiru partidu ere: Barricart-Martirena/ Aldabe-Labaka; Zeberio II-Azpiroz/Ezkurra II-Zubiri; eta Matxin III-Garces/Segurola-Larrañaga.