«Aurten gustora geratzeko, txapela etxera!»

Kronika - Erredakzioa 2017ko abu. 12a, 02:00

Aurten bajan ere izan zara. Nola iritsi zara txapelketa honetara?
Urteko aurreneko lau hilabete egin nituen bajan, eta ezin dut esan ehuneko ehunean nagoenik, baina edukiko nuela uste nuen baino sentsazio hobea daukat. Orain hilabete ere astebete egin nuen ingresatuta. Guztira, 14 kilo galdu ditut, baina 9 errekuperatu ditut. Esango nuke 5 bat falta ditudala gustora egoteko. Baina hartutakoak ondo hartu ditut, eta iaz baino 5 kilo gutxiago edukita ere, orduan bezain fuerte nago. Urte hasieran pentsatu nuen agian txandapasa egin beharko nuela; lasai hartu eta Buruz Burukoan ez zentratu. Baina denborak gauzak bere tokian jartzen omen ditu, eta toki onean jartzen dituenean, dena eman behar da!

Ostegunean bertan Utergarekin aritu zinen, eta gaur, haren kontrakoa duzu Ligaxkako aurreneko partidua. Nola dago gauza?
Kontuak aterata neuzkan lehenago ere. Azken 3 hilabetetan 10 bat partidu jokatuko nituen Utergarekin, eta 10-15 bat, ha­ren kontra. Maila berean gaude eta ezagutzen dugu elkar. Esan­go nuke badauzkala aldeko bi pun­tu oso indartsu: dagoen pe­lo­tari intuitiboena da kantxan, eta xextoaren manejo ederra dau­ka, nahi duen tokian jar­tzen du pelota. Alde ahula, be­rriz, bizitasun falta. Kantxan mu­gitzeko eta pelotari emateko. Oso ondo neurtzen du nora bi­deratu pelota, baina ez du oso az­kar egiten, eta segundo bat gehiago horrek, kirol honetan, al­de ikaragarria eman dezake. Fondoz eta indarrez, ni hobeto nago.

Iaz sakean fin ibiltzea giltza izan omen zenuen. Aurten?
Banakakoan sakeak ikaragarrizko garrantzia dauka, tantoaren %70 da, bideratu egiten baituzu. Nik sake oso ona daukat, eta min egin dezaket, baina era berean, Ligaxka jokatzera iritsi garen lau erremontista onenen artean sake restatzaile txarrena naiz, lauron artean atzelari bakarra bainaiz. Beraz, arma fuerteena daukat, alde eta kontra.

Urrizarekin, txapela lau aldiz lortu duenarekin aritu zinen lehian iaz, finalean. Aurten, ordea, min hartuta dago... Aukera gehiago dauzkazu?
Irakurketa ezberdinak egiten ditut. Batetik, esaten da animalia eritua animalia arriskutsuagoa dela. Bestalde, hor dago, Urrizari momentu onean dagoela irabazteko nahia; txapela merituarekin irabazi nahi dut. Baina era berean, buruak esaten dit inoiz baino eskurago daukadala txapela, Urrizak, errekuperatu behar duenez, jokatu aurreko azken 10 egunak ez dauzkalako, geldi egon behar du. Lanak egina egon behar du dagoeneko, baina azken egun hauek, segurtasuna eta lasaitasuna ematen dute kantxan.

«Urrizari momentu onean dagoela irabazi nahi diot; txapela merituekin irabazi nahi dut»

Ezkurra IIk sorpresa eman du. Urriza eta Uterga beteranoak dira. Nola ikusten duzu txapelketa?
Azken 3 urtetako Ligaxka interesgarriena izango da aurtengoa; dena dago airean. Garbi ikusten genuen Endika pasako zela, eta bapatean, Ezkurra II sartu da! Hori onuragarria da kirolarentzat. Gaztea da, eta ikusten zen dohainak bazeuzkala, baina orain arte ez zituen guztiz erakutsi. Urriza, berriz, ezin jakin nola dagoen. Hobe, ez fidatzea! Eta Uterga eta ni, edozeini irabazi diezaiokegu, tokatuz gero. Hasieran ematen zuen urterokoa izango zela, eta bapatean, egindako kalkulu guztiek ez dute balio. Galdera asko dago airean. Jendea animatu dadila partiduak ikustera, Ligaxka potentea izango da eta!  

Urtero eskaileran koxka bat gora egin nahi zenukeela esan zenuen iaz, eta finalera iritsi zinen... Zein dituzu aurten gutxieneko helburua, eta helburu nagusia?
Presioa kendu niezaioke nere buruari, baina ez. Azken eskai­le­ra geratzen zait. Nere ibilbide profesionalean eskailera guztiak pixkanaka igo ditut, eta pauso bat geratzen zait. Atzera, ez­ta karrerilla hartzeko ere! Iaz gustora geratu nintzen egindakoarekin, eta aurten, gustora geratzeko, txapela etxera! Ba­da­kit oso zaila dela. Baina fuerte eta kapaz ikusten dut nere bu­rua, dohain guztiak atera eta ondo erabiltzeko. Txapela atera badaiteke, aurrera! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!