Juniorretan, Iruñerriko Buelta jokatu du Urko Semperena gazteak, hil honetako aurreneko astean. Lau etapa izan dira, eta lan bikaina egin du, azken egunetan lehendik lortutako lidertzari eutsi ezin izan badio ere.
Ezustea, eta zorte txarra
Aurreneko etapan, abuztuaren 1ekoan, mendiko lidergotzaren saria jaso zuen Semperenak, eta bigarrenean, etapako lider izan zen.
Hirugarrenean, ordea, zazpigarren jarri zen, lider zijoanarengandik 39 segundura. Gauzak horrela, azken egunean borroka latza espero zen, baina gauzak ez zitzaizkion guztiz ondo atera, astigartarrari.
Liderraren taldeak kontrol haundia erakutsi zituen azken etapan, ihesaldiak deuseztatu baitzituen. Horrela, jokoan zegoen guztia azken 500 metrotako igoeran borrokatu beharko zuten txirrindulariek.
Hain zuzen, igoera hasieran zegoen kurban, Semperena ederki zijoan, pelotoiaren buru, ezkerraldetik. Baina, hara non, errepidea moztuta topatu zuten, arku puzgarri bat erori zela eta. Ondorioz, geratu egin behar izan zuten. Eskubi aldean geratuta zegoen moto bat kendu zuten orduan, eta bertatik pasatzen hasi ziren txirrindulariak. Baina, Urko Semperenak, ezkerraldean zegoenez, ezin izan zuen bertatik pasatzen aurrenekoetakoa izan. Hala ere, ikaragarrizko lana egin eta goranzkoan, postuetan gora egin zuen, 11garren bukatzea lortu arte. Sailkapen orokorrean, ordea, ez zen inolako aldaketarik izan.