EUSKAL Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu berri da, eta irailaren 23an Baigorrin hasi, eta abenduaren 17an bukatuko da, BECen. Euskal Herriko zazpi lurraldeetara iritsiko da, 43 bertsolarik hasiko duten bide horretan.
«Errealitate baten isla da hori», azaldu du Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidenteak, Bilbon egindako aurkezpenean; «bertsolaritza bizirik baitago, eremu horretan».
Baigorrin, Seguran, Leitzan, Zallan, Zumaian, Tolosan, Bastidan, Irunen, Maule-Lextarren, Durangon, Amurrion, Donibane Lohitzunen, Iruñean eta Barakaldon egingo ditu geldialdiak txapelketak, 17garren edizio honetan.
43 bertsolari, eta Hernaniko bertso eskolatik pasatako sei
Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak, Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak azaldu duenez: «finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira, eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasatuko dira finalera». Zazpi horiekin batera, Amets Arzallus egungo txapelduna egongo da finalean, abenduaren 17an, BECen.
Guztira, 43 bertsolarik hartuko dute parte, eta horien artean egongo dira Unai Agirre eta Maialen Lujanbio hernaniarrak; Agin Laburu astigartarra; Aitor Mendiluze andoaindarra eta Beñat eta Unai Gaztelumendi donostiarrak; seiak ere, Hernaniko bertso eskolan aritutakoak edo dabiltzanak. Azken edizioko finalistak, finalaurrekoetara zuzenean sartu dira, eta Unai Iturriagak uko egin dio aurtengo txapelketari.
26 bertsolari finalaurrekoen lehen itzulian, eta 18 bigarren itzulian
43 bertsolarietatik 36k hartuko dute parte final laurdenetan, eta horietatik 18 pasako dira hurrengo fasera. Orduan sartuko dira, finalaurrekoetara, 2013ko finalistak, Amets Arzallus kenduta.
Eta bigarren itzulira, 18 pasako dira. Finalean, Amets Arzallus eta finalaurrekoetako bi saioetako zazpi hoberenak ariko dira.
Final laurdenetako sarrerak salgai denontzat, webgunean
www.bertsosarrerak.eus atarian salgai daude sarrerak, baita ohiko salmenta puntuetan ere, eta hauek zeintzuk diren webgunean bertan ikusi daiteke.
Final laurdenetako sarrerak, denontzat daude jada eskuragarri, eta finalaurrekoetakoak eta finalekoak, bazkideek soilik erosi ahalko dituzte urriaren 2ra arte.
Finalaurrekoak eta finala, zuzenean telebistan
Bestalde, urriaren 28an hasita, finalaurreko guztiak zuzenean emitituko ditu ETB4k, Aitzol Barandiaranek eta Uxue Alberdik aurkeztuta. Eta finala ETB1en emitituko da.
EGUTEGIA
Final laurdenak
Irailak 23, Baigorri, 17:00
Irailak 30, Segura, 17:00
Urriak 1, Leitza, 17:00
Urriak 7, Zalla, 17:00
Urriak 8, Zumaia, 17:00
Urriak 14, Tolosa, 17:00
Finalaurrekoak
Urriak 28, Bastida
Azaroak 1, Irun
Azaroak 4, Maule-Lextarre
Azaroak 12, Durango
Azaroak 19, Amurrio
Azaroak 26, D. Lohitzune
Abenduak 2, Iruñea
Finala
Abenduak 17, Barakaldo